Udalak honako puntu hauek jorratzeko bilera eskatu dio Ingurumen Sailari: gaur arte egindako neurketen emaitzak, bentzeno-neurketen ondorioen azken txostena eta Ziritza-Bustinza kaleko bizilagunen osasunaren inguruko Osasun Zuzendaritzaren txostena eta ondorioak. Horrez gainera, "neurri zehatzak" eskatu gura dizkio.
Udalaren berbetan, "Jaurlaritza enpresa zehatz baten foku zehatz batean zentratu da" eta "baztertu" egin du 2020ko irailean aurkeztutako azterlana, hau da, bentzeno-pikoen berri emanez helarazi zion txostena. "Maiatzean jakinarazi genion Eusko Jaurlaritzari beharrezkoa zela Tecnaliak egindako azterketa ikertzea, eta orain berriro saiatu da herritarrak despistatzen, fokua azterlanean adierazten denaz bestelako puntu batean jarriz”, adierazi dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek.
Panela TADUn
Udalak informazio panel bat ipini du Fauste kalean (TADU aparkalekuaren ondoan), eta, besteak beste, Durangoko airearen kalitateari buruzko informazioa emango du denbora errealean, "OME Osasunaren Mundu Erakundearen parametroen arabera sailkatuz". Informazio hori herrian dauden Herritarren Informazio Guneetan ere eskaintzen da.