“1998an sei milioi pezetatako saria zuten 20 kupoi saldu nituen Durangon”

Jone Guenetxea 2022ko urt. 30a, 10:30

Jose Mari Mardarasek 32 urte daramatza ONCEko kupoiak saltzen Durangaldean. Umore oneko ibiltzen da bezeroak atenditzen. Hiru hamarkadatan salmenta moduak asko aldatu direla dio, eta teknologia berrietara moldatzea beharrezkoa dela uste du. Interneteko kupoien salmenta eta aurrez aurrekoa uztartzen dituzte. Durangon sari potoloa emandakoa da. 

Noiz hasi zinen ONCEko kupoiak saltzen?
1992an hasi nintzen. Sasoi hartan, ONCEko langileok kalean saltzen genuen. Ez zegoen ez internet ezta makinarik ere.

Salmenta moduak asko aldatu dira urte hauetan?
Kupoiekin kalean jarraitzen dugu, eta, beraz, oraindino presentzia hori mantendu egiten dugu. Baina, apurka-apurka, teknologia aurreratu egin dute eta internetez salmenta dagoenez, mugikorretik erosi daiteke. Merkatuaren beharrizanetara moldatu beharra dugu. Arlo guztietan egon behar dugu. Hala ere, ONCEren helburua beti izan da gizarte arloan laguntzea, eta gure lana kalean egotea da.

Durangaldeko zein herritan aritzen zara kupoiak saltzen?
Diskapazitatea dudan arren, mugitu egin naiteke, leku finko batean egon beharrean. Bezeroak topatzen eta atenditzen ibiltzen naiz. Durangora, Iurretara eta Abadiñora joaten naiz, lanaren arabera.

Jende askogaz duzu tratua. Pazientzia handia behar da saltzailea izateko?
Gustatzen ez zaizkidan gauza asko entzuten ditut, baina tira. Badakizu lan hau zelakoa den. Denei entzun eta denen iritzia errespetatu behar da.

Erosleek zein lehentasun izaten dute zenbakiak aukeratzerakoan?
Makinan zuk gura duzun zenbakia aukeratu dezakezu. Hala ere, amaiera aukeratzea da betiko ohitura. Denerik dago. Batzuek datorrena edo ematen diezuna  hartzen dute, edozein zenbaki izanda ere. Beste batzuek data zehatzekin jokatzen dute, ‘Mi día’ deitzen den lehiaketan, esate baterako. Oso aukera zabala dago.

Zeuk ere jokatzen duzu?
Nire produktua denez, neuk ere jokatzen dut.

Irabazi duzu inoiz ezer?
Ez, ez dut inoiz ezer irabazi, baina saria eman bai.

Zein sari eman duzu?
1998an, sari nagusia eman nuen Durangon. Sei milioi pezetatako saria zuten 20 kupoi saldu nituen. Poztasun handia izan zen.

Zer esan zizuten saridunek? Batzuk ezagutuko zenituen.
Eskerrak eman zizkidaten. Irabazten duenaren zortea da gakoa. Guk saltzen dugunean gure lana egiten dugu.

Zuri tokatuz gero, zertan gastatuko zenuke dirua?
Neuri ere tokatu ahal zait! Ez daukat bizio handirik eta ez zait gustatzen oporretan joatea. Zeozertan inbertituko nuke.

Zer esango zenieke zure bezeroei?
Eskerrik asko jende guztiari euren konfiantzagaitik. Jarraitu dezatela erosten, egunen batean zeozer tokatu ahal zaie eta. Animo eta aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!