Durangoko Udalak babes egitura bat ipini du San Agustingo ospitale zaharraren perimetroan. Bulego Teknikoak egindako azterketaren arabera, eraikina txarto dago eta estalkiak sortu du kezketariko bat. Euriteen eta haizeteen ondorioz, gainaldeko teila arabiarrak mugitu egiten dira, eta babes-itxitura bat ipintzea erabaki dute teila horiek behera jausi ez daitezen. Datorren astean, argi-foku batzuk ipiniko dituzte, aldamioak kaleko farola bi estali ditu eta. Ez da udalak San Agustingo ospitale zaharrean esku hartzen duen lehenengo aldia. 2019an, legegintzaldia hasi berritan, gobernu taldeak eraikina apuntalatu behar izan zuen.
Akordioaren parte
San Agustingo ospitale zaharra trenbidearen orubeari loturiko akordiorako oinarriaren parte da, Pinondo Etxeagaz batera. Bertan, zaurgarritasun egoeran dauden herritarrentzat bizilekuak atontzea aurreikusi dute. Durangoko Udalaren berbetan, ospitale zaharra birgaitzeko aurrekontua 5 milioi eurokoa da, eta akordioaren oinarriaren arabera, inbertsio hori Jaurlaritzak hartuko du bere gain.