Kulturalak urritik datorren lehorteari amaiera ematea du helburu zapatuan

Anboto 2022ko urt. 27a, 10:48
Argazkia: Luis Iturrioz

Durangoko Kulturala emaitza bolada eskasean murgilduta dago. Urritik hona jokatu dituzten bederatzi partiduetatik bat ere irabazi ez, eta sailkapenean beherantz egin dute. Beraz, zapatu arratsaldean Tabiran Urdulizen kontra jokatuko duten partiduko helburua argia da: garaipenaren bidera bueltatzea.

Kulturalaren azken garaipena urriaren 20koa da. Orduan 2-0 menderatu zuten Deusto. Hurrengo lau jardunaldietan, berdindu egin zuten eta denetan banakoa izan zen emaitza. Harrezkero jokaturiko bost partiduetatik lau galdu dituzte.

Hala ere, goiko postuak behekoak baino dezente hurrago dituzte oraindino. Bederatzigarren daude eta bosgarren postua, igoerako play off-etarako azkena, lau puntura dute. Denboraldi hasieran kateaturiko garaipen eta emaitza onetan dago horren arrazoia.

Egoera ikuspegi zabalago bategaz aztertuta, ez da ahaztu behar Kulturalak iaz gorriak ikusi zituela mailari eusteko. Horixe uste du Jon Gonzalez entrenatzaileak ere. "Denboraldi hasieran esan baligute urtarrilean gauden tokian egongo ginela sinatuko genuen", dio.

Orokorrean, ez du uste Kulturala aurkaria baino gutxiago izan denik orain arte, eta unean uneko "akats indibidualen" ondorioz etorri dira porrotak. "Badakigu konponbidea gugan dagoena, eta autokritika eginez eta umiltasunez, egoerari buelta emateko lanean gabiltza", azaldu du.

Asteburuan, garaipen batek goiko postuetatik gertu ipiniko lituzke berriro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!