“Gure folkloretik eta herritik datorren ondare musikala gaur egunera ekarri gura izan dut”

Aritz Maldonado 2022ko urt. 24a, 09:15

Grabazioan, Ander Garciak, Iñaki Jaiok, Haimar Arejitak, Julen Arbizuk eta Alvaro Jarautak parte hartu dute; Izaro eta Matxalen alabek ere parte hartu dute. Igor Elortzaren, Unai Iturriagaren, Luigi Anselmiren eta Elena Olaveren berbak eta poemak ere agertzen dira.

Zer da 'Sustraiak adarretan'? Zertan datza?
Diskoak hiru hari ditu. Batetik, Amaraun proiektuagaz egin nuen moduan, gure folkloretik eta herritik datorren ondare musikala gaur egunera ekarri gura izan dut bat-batekotasuna erdigunean ipiniz, orduko materiala gaur egun baliagarria dela erakusteko. Bigarrenik, bertsogintzan, lehengo kantutegian, berbak musikari lotzen zitzaizkion, metrika musikalaren menpekoagoak ziren. Unairen eta Igorren sorta horiekin, orduko kolore musikala eguneratu gura nuen. Hirugarren harian, poesiak musikatu gura nituen.

Zenbait belaunaldi batu zarete.
Nik suertea dut, diskoan parte hartu dutenak, musikari onak izateaz gainera, lagun onak direlako. Hori gehigarri bat da, jotzeko momentuan sortzen den konplizitateagaitik. Unaigaz eta Igorregaz aurretik ere lan egin dut. Elenaren lana Matxalen alabaren bitartez ezagutu nuen bere poesia, eta asko gustatu zitzaidan, hasieratik; doinu bati berbak ipintzea proposatuta, baiezkoa eman zuen. Bestalde, Luigi Anselmi Euskal Herriko poetarik nabarmenetarikoa iruditzen zait. Suertea dut inguruan horrelako jendea edukita.

Durangoko Udalaren Durango Sor(tzaileen) Leku beka jaso duzu.
Aurretik ere banuen grabatzeko asmoa. Justu, uztailean atera zen udalaren deialdia, eta proiektuari askoz ere lasaiago ekiten lagundu dit, bai diseinu aldetik, eta baita kopiak ateratzeko ere, edo estudioa eta musikariei ordaintzeko. Kontuan hartu behar da horrelako proiektuetan gure poltsikotik ordaintzen dugula dena. Hori finantzatzeko, bigarren fasea zuzeneko kontzertuak lirateke.

Zelakoa izango da 27ko emanaldia?
Instrumentu guztiekin aurkeztuko dugu lana, baina ez dira egongo grabazioan parte hartu zuten instrumentu guztiak. Haimar ez da egongo, lan kontuengaitik, eta bere ordez Dani del Valle egongo da; durangarra da Dani, laguna eta musikari aparta. Borja Ruizek joko du tronboia, eta nire beste alaba Jonek tronpeta. Ordubeteko kontzertua izango da eta diskoko abestien moldaketa bereziak egingo ditugu.

Urtarrilaren 27tik aurrera, zer?
Bigarren fasea lana plazaratzea izaten da, jendaurrean aurkeztea. Baina gatxa da gurea lako proposamenak, genero bakarrean definiturik-edo ez daudenak, kanpora ateratzea. Ez nago oso itxaropentsu, egia esateko. Azken finean, egin dugun lan guztia gero jendaurrean jotzeko egiten dugu. Ekurugaz egin genituen plaza batzuk, baina ez gehiegi, zortzi bat edo. Hainbeste lan hartzea, gero hori egiteko ere... CDak ere ez dira hainbeste saltzen gaur egun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!