Jasoriko saria urteetako lanaren kolofoia da?
Bai, lortu dugun Urrezko Ziurtagiria urteetan egindako lanaren emaitza da. Ez genuen espero, sorpresa izan da eta poz itzela eman digu. Mugarra Triatloi Eskola orain zortzi urte sortu zen eta hainbat entrenatzaile igaro da harrezkero. Gaur egun Paul Bereziartua eta biok gabiltza. Bide luze baten osteko saria da.
Ziurtagiria ematerako orduan, hamabi adierazle kontuan hartu dituzte. Horien artean zeintzuk dira, zure ustez, Mugarra TTren indarguneak?
Hainbat dago. Esaterako, formakuntza. Mugarran lau teknikari gaude eta entrenatzaile titulua dugu denok. Gero, adierazleetariko bat berdintasunarena da, eta Mugarran oreka dago mutilen eta nesken kopuruan. Urtean zehar triatloia ezagutara emateko antolatzen ditugun ekintzak dira gure beste indarguneetariko bat. Lehiaketari dagokionez, ostera, gazteek triatloiagaz gozatzea da gure helburua.
Zenbat gazte dituzue taldean?
7tik 20 urtera arteko 60 bat ditugu. Gazte asko ditugu aurten, hazkunde bat izan dugu.
Zergaitik ote?
Beti esan izan da bakarkako kiroletara zaletzea gatxagoa dela.Baina pandemia sasoi honetan taldekako kiroletako entrenamendu asko bertan behera geratu direnean, triatloian mantendu egin dira, aire librean egin daitekeelako, eta horrek malgutasuna eskaintzen du. Bakoitzak ahal duenean egin dezake. Hori pizgarri bat izan dela uste dut.
Mugarra TTz gainera, Espainiako Triatloi Federazioaren Amazonas izeneko proiektuan zabiltza. Zertan datza?
Orain lau urte hasi ziren proiektu honegaz, eta helburua 12tik 18 urtera arteko neskak triatloi mundura erakartzea eta lehendik dabiltzanei eustea da, adin tarte horretan emakume askok kirola uzteko joera dute eta. EAEn nazioarteko triatloi entrenatzaile titulua duen bakarrenetarikoa naizenez, nigaz ipini ziren hartu-emanetan gure Autonomia Erkidegoan proiektua aurrera eramateko.
Zer ekintza egiten dira helburuak lortzeko?
Hainbat ikastetxetan proiektu honen aurkezpena egin dut. Triatloiaren nondik norakoak azaltzen ditut. Gero, topaketak egiten dira kirola probatu gura dutenentzat. Esaterako, Durangon Kurutziaga ikastolako eta Jesuitetako hainbat klasetara joateko aukera izan nuen, eta gero, abenduan, topaketa bat egin genuen Durangon. Bizkaiko beste herri batzuetako umeak ere etorri ziren. Goizean korrika saio bat egin zuten atletismo pistan, eta, ondoren, igeriketa saioa igerilekuan. Umeek triatloia zer den ikustea eta sentitzea zen helburua, eta gero Mugarra TTn edo beste eskola batean apuntatzera animatzen badira, bada, horixe da helburua.
Aurrera begira topaketa gehiago egongo dira?
Bai, aurten Gipuzkoan eta Araban ikastetxeetan hitzaldiak ematen eta ondoren topaketa bana antolatzen ahaleginduko naiz. Behin fase hau amaituta, Espainiako Federazioak beste topaketa batzuk antolatzen ditu eta batzuek han parte hartzeko aukera izango dute.
Gustura zabiltza lan honetan?
Bai, oso gustura. Mundu hau txikitatik gustatu izan zait. Umetan Mugarran nenbilenean, nire orduko entrenatzaileak ikusten nituen eta euren modukoa izan gura nuen. Hasieran bertigo apur bat ematen zidan, gauza berria zelako niretzat. Orain oso pozik nabil. Gainera, Mugarrako kideak beti ditut laguntzeko prest.