Orain hiru urtetik hona, Eusko Jaurlaritzak Durangoko eta inguruko airearen kalitatea aztertzen dihardu kanpaina espezifikoen bidez. Euskadiko Kontrol Sarekoa den neurketa-estazio finko bat ere badute, datuak etengabe ematen dituena. Azterketa horietako hainbat datu partekatu ditu gaur Jaurlaritzak, ohar batean.
Durangoko San Roke kalean hartutako airearen laginekin inguruko industriek sor ditzaketen kutsatzaileak kontrolatzen dituzte, apurka kutsatzaile horiek murrizteko helburuagaz. Bada, lagin horiek "ez dute erakusten aztertzen ari diren kutsatzaile posibleen ez-betetzerik, ezta balio anomalorik ere", Jaurlaritzako oharraren arabera. Aurrera begira, horiek "kontrolatzeko" eta "aztertzeko" lanean jarraituko dutela diote.
Galdategietatik gertu egindako monitorizazioa
Azken urteotan, moldeetan apar galdua edo loast foamprozesuak erabiltzen duten bi galdategitatik gertu konposatu organiko lurrunkorrak neurtzeko "hainbat kanpaina" egin dituztela dio Jaurlaritzak. 2020ko azaroaren 9az geroztik, konposatu organiko lurrunkorren beste monitorizazio bat egiten ari dira 2017-2019 aldian ere aztertu zen galdategietako batean, EAEko beste hirigune batzuetan neurtzen ari direna baino "bentzeno-maila handiagoa hauteman delako".
Eusko Jaurlaritzak lehen emaitzen berri eman die Durangoko eta Iurretako udalei eta Durangaldeko Mankomunitateari, baina oraindik ondorioen azken txostena ez dagoela eginda adierazi dute. Unitate mugikorraren bidez eremua neurtzen jarraituko dute, ekintza-planaren eraginkortasuna egiaztatzeko, oharrean aurreratu dutenez.
Monitorizazioaz gain, laginketa osagarri bat egin dute beste bi puntutan, Osasun Publikoak eskatuta: bata Askatasun etorbidean eta bestea Fumbarri enpresatik hurbilen dagoen etxebizitza-lerroan. Horretarako, auto lagin-hargailuak erabili dira, eta horiek 2020tik instalatutako unitate mugikorrean erregistratutakoak baino "bentzeno-maila txikiagoak" ematen dituztela azaldu dute oharrean. Eremu hori monitorizatzen jarraituko dutela diote.
Proiektuari "lehentasunezko arreta" eskaintzen ari zaiola azaldu dute. "Enpresak neurriak ezarri ondoren, isurien lehen jarraipen-kanpaina egin da, ekintza-plana ezartzeko eskatu zaio enpresari, eta eragina ebaluatzeko neurketekin jarraituko da", azaldu dute. Jarduketa horien ondoren, proiektuaren amaierako txostena egingo da, eta beste erakunde batzuei jakinaraziko dietela gaineratu du Jaurlaritzak.