Durangoko Madalena auzoko zuhaitz bat bota dute onddo batekin gaixotuta zegoelako

Anboto 2022ko urt. 20a, 08:00

Madalena auzoko zuhaitza gaur goizean bota dute.

Eroriz gero oinezkoentzako arriskutsua izan zitekeelako eraitsi du zuhaitza udalak.

Atzo goizean Durangoko Madalena auzoko parkean zegoen ezkietako bat bota zuen udalak. Azterketa biomekaniko batek zuhaitza onddo batekin gaixotuta zegoela eta barrutik usteltzen zebilela bistaratu zuen. Egunero han ingurutik oinezko asko dabilenez eta eroriz gero norbait harrapatzeko arriskua zegoenez, zuhaitza botatzea erabaki dute, udaleko iturrien arabera. Azterketa irakurri gura duenak udaleko bulego teknikoan eskuragarri dagoela gogoratu dute.

Txibitenako zuhaitzak

Bestalde, aste hasieran hainbat zuhaitz bota ziren Durangoko Txibitena auzoko parkean. Erabilera publikoko parkea den arren, eremu pribatu da, han ondoko bizilagun komunitate batena, hain zuzen ere. Zuhaitzen sustraiek kalteak eragin dituzte ondoko garajeetan eta horregatik komunitateak zuhaitz horiek botatzeko baimena eskatu zuen udalean. Zuhaitzek ez dutenez babes maila berezirik baimena eman zieten, udaleko iturrien esanetan.  

Txibitena auzoko parkea zuhaitzak botata.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!