Durangoko Zugaza zinemak aldez aurretik grabaturiko zazpi opera saio eskainiko ditu datozen asteetan. Hori dela eta, iaz egitasmoak izandako harrera dela eta, udalak 60 urtetik gorakoen sarrerak diruz laguntzea erabaki du ostera ere. Txartelak 11 euroan daude salgai eta 9 euroan, txartela aldez aurretik erreserbatzen bada. Halantxik bada, udalaren diru laguntzari eskerrak, 60 urtetik gorakoek 5,5 edo 4,5 euroan eskuratu ahalko dituzte. Honako hauek dira datozen asteetan eskainiko dituzten opera saioak:
Urtarrila
- Luisa Fernanda. Urtarrilak 26, eguaztena. 19:00. Madrilgo Errege Antzokia.
Otsaila
- Macbeth. Otsailak 9, eguaztena. 19:00. Milango Scala
- La Traviata. Otsailak 23, eguaztena. 19:00. Erromako Opera Antzokia.
Martxoa
- Tosca. Martxoak 9, eguaztena. 19:00. Londresko Royal Opera House.
- Rusalka. Martxoak 23, eguaztena. Madrilgo Errege Antzokia.
Apirila
- Rigoletto. Apirilak 5, eguaztena. 19:00. Londresko Royal Opera House.
- Rossini opera gala. Apirilak 27, eguaztena: 19:00. Pesaroko Rossini Antzokia
Bestalde, bihar bertan Emmanuel Courcol zinegilearen El Triunfo filma eskainiko dute Zugaza zineman. Courcol bera emankizunean egongo da, berau bukatutakoan pelikula ikustera joandakoekin berbaldia egiteko. Filmak 2020ko Cannesko zinema jaialdian parte hartu zuen. Europako Komediarik Onenaren saria jaso zuen ordu hartan. Pelikula Bizkaian proiektatzen duten lehenengo aldia izango da. Emankizuna, esan bezala, bihar, urtarrilak 20 izango da arratsaldeko 19:00ean.