Durangoko Udalak lur-prospekzio bat egin ahalko du hilerrian, bonbardaketari loturiko hobi komunik ote dagoen ikertzeko

Anboto 2022ko urt. 17a, 10:35

Gogora institutuak baimena eman dio Durangoko Udalari, hilerrian egon daitezkeen hobi komunak ikertzeko eta horretarako lur-prospekzio bat egiteko. Ustezko hobi komunetan Martxoaren 31ko biktimak egon daitezke. 85-100 inguru, udalaren berbetan.

Durangoko Udalak ohar batean jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Gogora institutuak argi berdea eman dio kanposantuan lur-prospekzio bat egin, eta bertan Martxoaren 31ri loturiko hobi komunik ote dagoen ikertzeko. 1937ko Martxoaren 31ko bonbardaketan 336 hildako zenbatu zituzten. Euretariko asko kanposantura eraman zituzten egun hartan eta hurrengo egunetan, eta uste denaren arabera hobi komunetan lurperatu zituzten. Durangoko Udalaren berbetan 85-100 herritar egon daitezke, ustez, hilerriko hobi komunetan lurperatuta.

Kontua joan den udazkenetik dator. Gerediaga elkarteak, Durango 1936 Kultur Elkarteak eta Durangoko Udalak pauso bat aurrera egin zuten biktimen familiartekoak eta ondorengoak bilatzeko ikerlana hasita. Emaitza batzuk iritsi dira honezkero. 84 biktimaren zerrendatik tiraka, 51ren izen-abizenak lortu dituzte. Euretako bi, 1940ko hamarkadan lurpetik atera zituztela baieztatu ahal izan dute eta guztien artetik 25 familia lokalizatzea lortu dute. Jimmi Jimenez Aranzadiko kideak hartu du parte ikerketan, besteak beste.

Udalak adierazi duenez, "identifikatutako 51 biktimen artean, 34 gizonezkoak dira eta 17 emakumezkoak. 10 pertsona 15 urtetik beherakoak dira. Jatorriari dagokionez, 25 pertsona Durangaldekoak eta beste 26 eskualdetik kanpokoak. Eta biktima zibilak 31 eta gudariak 20 dira". Ikerketa zabalik dago.

Memoria historikorako lan-taldea

Bestalde, Durangoko Udalak Memoria historikorako lan-taldea osatu du. Talde iraunkor bat sortu du, "memoria historikoak izan ditzakeen askotariko ertzak sakonago" lantzeko. "Senideekin egin dugun lehen bilera hau prozesu luzeago baten lehen urratsa izango da, etorkizunera begiratzeko lehenik eta behin iragana ezagutu eta balioan jarri behar dugulako, batez ere belaunaldi berriei begira”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

2022 honetan 85 urte beteko dira Durangoko bonbardaketatik. Udalak urte osoko egitarau bat antolatuko duela iragarri du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!