San Inazioko jolasgunea berritzeko lanak esleitu dituzte

Anboto 2022ko urt. 10a, 11:07

Parketxo berrian arrapala bikoitzeko tirolina, oreka jokoak eta sare inklinatuak ipintzea aurreikusi dute. Udalak Durangoko Familiak plataformaren laguntzagaz diseinatu du jolasgune berria.  

Durangoko Udalak San Inazio auzoko jolasgunea berritzeko lanak esleitu ditu. Hiru hilabeteko iraupenagaz eta 85.274 euroko aurrekontuagaz, askotariko adin taldeei begirako berrikuntzak egingo dituzte. Horien artean daude arrapala bikoitzeko tirolina ipintzea, oreka joko horizontalak, sare inklinatu batekin lantzeko oreka jokoak eta tokoiak atontzea, besteak beste. Horretarako, egitura tubularreko jokoa mantenduko dute jolasgunearen erdigune gisa. Kaiak eta hegazkina txintxaunen ondora eramango dituzte, eta lekualdaketa horri eskerrak 0-3 urte bitarteko umeentzako jolasgunea ipiniko dute. Jarduketek 1.438 metro karratuko azalerari eragingo diote. Udalak Durangoko Familiak plataformako kideekin batera diseinatu du proiektu berria.

Ez da Durangoko Udalak herriko jolasguneetan berrikuntzak egiteari ekiten dion lehen aldia. Lehenik Otamotzena parkea berritu zuen. Orain San Inaziokoari helduko dio, eta aurreratu dute, "datozen hilabetetan" beste gune batzuetan esku hartzen jarraituko dutela. Udalak 230.000 euroko diru partida du aurreikusita herriko jolasguneak birgaitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!