Egitasmoaren helburua durangarrek "trena lurperatzeagatik askatutako lursailetarako" alternatibak eta proiektuak proposatzea da Iker Urkiza eta Jorge Varela zinegotziek azaldutakoaren arabera. "Iazko martxoaren 14ko galdeketa herritarrak askorako balio zigun durangarroi. Orain, gure esku dugu Durangoko benetako beharrei erantzungo dien proiektu bideragarri bat diseinatzea", esan du Varelak. "Eusko Jaurlaritzarekin lortutako aurreakordioari esker, aurreikusitako etxebizitzen eraikigarritasuna jaistea lortu dugu, eta horrek esan nahi du aurreikusitako berdeguneak eta aisialdirako guneak handitu ahalko direla, eraikinen altuerak jaisteaz gain. Lorpen horiei guztiei esker, eraikinen konfigurazio posibleak ere alda ditzakegu, eta horrek aukera zabalak irekitzen dizkigu", azaldu du Urkizak. Bi zinegotziez gainera, Marina Blazquez Gonzalezek parte hartu du aurkezpenean; Blazquez Gonzalezek diseinatu du parte-hartze prozesua. "Prozesu hau prozesu bizi bat da, eta horrela erakutsi behar da. Zer egin erabakitzeko, garrantzitsua da informazioa edukitzea, eta erakusketaren helburuetako bat hori da, hain zuzen ere, herritarren esku ahalik eta informazio gehien jartzea".
Erakusketa lau modulutan zatituta dago: lehengoan lurperatzearen ibilbide historikoa ikusi ahalko da, 90.eko hamarkadatik hasi eta 2021eko martxoaren 14ko galdeketara arte; bigarrenean, Durangoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurreakordioaren gakoak ikusi ahalko dira; hirugarren moduluan, prooiektuaren alde teknikoak ikusiko dira; laugarrean, ostera, parte-hartze prozesuan zehar batutako materiala ikusiko da -oraindik itxita dago-. Urtarrilaren 28ra bitartean egongo da ikusgai.
Erakusketaz gainera, saio eta tailer didaktikoak antolatu ditu Durangoko Udalak. Urtarrilaren 13an, 19an eta 20an egingo dituzte saioak, San Agustin kulturgunean, 18:00etan. Tailerrak, ostera, 22an eta 23an egingo dira, 10:00-12:30 eta 16:30-19:00 bitartean. Parte hartu ahal izateko webgune berrian izena eman behar da, urtarrilaren 11tik aurrera.
Prozesuaren bigarren fasea
Lehen fase hau amaitu ostean, Durangoko Udalak bigarren fasea jarriko du martxan. Bertan, durangarrek aukera izango dute "bideragarriak diren proposamenak" bozkatzeko.