Durangoko hainbat gunetako argiztapena hobetzen dihardu udalak

Anboto 2022ko urt. 4a, 11:24

Herriko zenbait puntutako hobekuntzez gainera, Eguzkitzan, Momotxon nahiz Larrinagatxuko landa auzoetan eguzki plakekin sortutako energiagaz hornituko diren argiteria puntuak ipiniko dira.

Landako Etorbideko lau zebrabidetan argiztapena eta seinalizazio bertikala hobetzen dihardu Durangoko Udalak, herriko hainbat gunetan argiteria hobetzeko planaren baitan. Hori dela eta, sei metroko altuera daukaten zortzi LED farola berri jarriko dira kale horretan zehar. Horrez gain, zebrabideen alboan LED argiarekin argiztatzen diren zortzi seinaleztapen berri ere jarriko dira, udaleko ohar batean azaldu dutenez.

Farolak eta seinaleztapenek mugimendu sentsoreak izango dituzte, eta ibilgailu edota oinezkoak detektatzerakoan argiztatuko dira. Lanek lau hilabeteko epea eta 39.927 euroko aurrekontua izango dute, eta martxorako bukatzea aurreikusten da.

Horrez gain, Zumalakarregi kalean 33 puntu aldatu dira, Olleria kalean 31 puntu eta Mikeldi kalean 5 puntu. Azkenik, Faustebekoa auzoan hiru argi puntu berri jarri dira, puntu beltz bat kenduaz. Gainera, Madalenako eta Landako-Olleriako biribilguneetan hobetu egin inguruko argiztapena kontsumo txikiko LED argien bidez. Lanok 94.940 eurotan esleitu dira.

Landa auzoetan

Lan horiez gain, Eguzkitzan, Momotxon zein Larrinagatxuko landa auzoetako baserri inguruetan argiteria jarri du udalak.

"Ezinezkoa zaigun arren egun batetik bestera Durangoko argiztapen guztia aldatzea, pausoz pauso, eta etenik gabe, herriko hainbat gunetan lan ezberdinak egin ditugu argiztapena hobetzeko. Hobekuntza hauek bi helburu nagusi dituzte: herritarren segurtasuna bermatzea eta efizienzia energetikoa hobetzea”, adierazi dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek ohar batean.

Lan hauetaz gainera, 2022 urteari begira, udalak 60.000 euroko diru partida bideratu du herriko hainbat gunetako argiztapena hobetzeko asmoz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!