2021eko hilketa matxista guztiak salatuko dituzte Durangon

Anboto 2021ko abe. 29a, 11:40

Urtea hasi zenetik 5 emakume hil dituzte Euskal Herrian. Andereak elkarteak kontzentrazioa egingo du bihar, 18:30ean, Andra Marian.

Durangoko Andereak elkarteak indarkeria matxistagatik eraildako emakume guztiak oroituko ditu bihar. Urtea hasi zenetik bost dira gizonezkoen eskuetan, indarkeria matxistagatik, Euskal Herrian eraildako emakumeak; eta beste 72 izan dira Espainiako estatuan hildakoak. Kopuruak "hazten" ari direnez gero, elkartearen iritziz "agerian" gelditzen ari da ez gizarteak, ezta erakundeek ere, ez diotela arazoari "behar bezalako arreta ematen". Andereaken berbetan, "horren adierazgarri" da Durangoko Udalari, Mankomunitateari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Emakunderi indarkeriaren aurkako Estatu Itunaren funtsen erabilerari buruzko informazio zehatza eskatu izana, baina "oraingoz horri buruzko erantzunik jaso ez" izana. "Isiltasun" hori "deigarria" dela iritzi dio elkarteak.

Indarkeria matxistaren "tratamendu hobea" lortu arte lanean jarraituko dutela aurreratu dute, eta herritarrak deitu dituzte biharko kontzentrazioan parte hartzera. "Nazkatuta gaude erasotakoak izaten jarraitzeaz, eta biztanleen erdiak jasaten duen arazoa agenda politikoan baztertuta egoteaz", kritikatu du elkarteak. Hori guztia salatzeko kontzentrazioa egingo dute bihar Andra Marian, arratsaldeko 18:30ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!