Dagoeneko Ibaizabal eskubaloi taldekoak denboraldiaren erdira heldu dira eta lehenengo zatiaren "balorazio positiboa" egiten dute. "Talde bati besteari baino hobeto doakio, partiduak hobeto ateratzen ari zaizkio. Hala ere, denboraldiaren bigarren zatia potentea izango den irudipena daukat. Ikusten da liga osoan ez dagoela erregulartasun handirik, eta, beraz, edozer gertatu daitekeela uste dut", jarraitu du Oliverrek.
Kapitainaren berbetan, aurtengo denboraldia hainbat arrazoirengaitik dabil "zaila" izaten, baina, batez ere, pandemiagaitik. "Denboraldia zaila izaten ari da, baina talde guztientzat. Protokolo bat jarraitu behar dugu eta protokoloak gure egunerokotasuna guztiz moldatzea ekarri du. Hala ere, zailtasunak zailtasun, gure urteko helburua lortzeko lanean gabiltza", aitortu du Oliverrek.
Euskadi mailara
Talde biek helburu argi bat dute datorren denboraldirako, senior mailan Euskadiko ligan jokatzea. "Klubaren asmoa talde bietariko bat behintzat datorren denboraldian Euskadiko ligan jokatzen egotea da, eta aurten hori lortu daitekeela uste dut. Nire ustez, helburua bete daiteke eta hori lortzeko borrokatuko gara. Aukerak badaude, talde biek aukerak ditugu, eta, beraz hori lortzeko gogor lan egingo dugu", azaldu du Oliverrek.
Eskubaloia indarra hartzen
Ibaizabal taldea garai loriatsua bizitzen dabil eta hori oso garrantzitsua da, bai klubarentzat eta baita herriarentzat ere. "Klubarentzat senior mailan talde bi izatea oso garrantzitsua da. Azken batean, horrelako kirol batean horrenbeste jende izatea ez da erraza. Gainera, kanpora begira, eta herrira begira ere, oso inportantea da. Gaztetxoek hainbat talde ikusten badituzte, denentzat lekua dagoela ikusten dute. Beraz, hori oso positiboa da denentzat", jarraitu du kapitainak.
Bestalde, eskubaloia apurka-apurka herriko eskoletan eta eskola kirolean txertatzen joatearen garrantzia azpimarratu du Ibaizabal taldeko kideak.