“Asko gustatu zait reality baten barruan egotea, guztia zelan egiten den ikustea”

Aitziber Basauri 2021ko abe. 26a, 10:20

Naiara Carretok hainbat plan zuen betetzeko: bidaiak, proiektuak... Baina, pandemiaren eraginez, denak etenda geratu ziren. 'Baserria' realityan parte hartzeko aukerak bide berri bat zabaldu zion: "Kokoteraino nengoen etxean egoteaz, eguneroko monotoniak espiritua zapuztuta, eta esperientzia berri bat bizitzeko aukera nuen", dio. Pentsatu barik eman zuen izena. Youtuben makillaje eta moda gomendioak ematen ditu: 'Naiara Always Happy'.

Zelako esperientzia izan da 'Baserria'-n parte hartzea? Errepikatuko zenuke?
Sekulako esperientzia izan da. Oso gogorra izan da emozionalki momentu askotan, baina oso polita ere bai. Bizi izandako pasarteak eta bertan ezagutu dudan jendea betiko gordeko ditut bihotzean. Ez nuke berdina errepikatuko, ez litzatekeelako berdina izango inoiz. Baina beste telebista saio batean bai.

Baduzu momenturik bereziki gogoan?
Adituek erabakita, bigarren saioan immunitatea jaso nuen eta oso harro sentitu nintzen. Orduan konturatu nintzen 'Baserria'-n parte hartzea ez zela niretzat bakarrik esperientzia desberdina, familiak eta lagunek ere ikusiko zutelako. Bestalde, ezin ditut ahaztu grabatu barik geratu diren momentu asko. Talde ederra batu ginen baserrian.

Bereziki prestatu zara 'Baserria'-n parte hartzeko? Irabazle ikusten zenuen zeure burua?
Ez nintzen batere prestatu. Kirola egiten dut, bai. Eta kirolaririk trebeena ez naizen arren, sufritzea gustatzen zait. Dena ematea izan da nire helburua, eta horixe egin dut proba guztietan. Irabaziz gero, hobeto.

Kamera aurrean itsusi irteteari beldur zeniola esan duzu. Telebistan azaldutako irudia bat dator eman gura izan duzun irudiagaz?
Nori gustatzen zaio, ba, itsusi ikustea? (barrez). Lehenengo saio bietan oso itsusi ikusi nuen neure burua, ez dut gezurrik esango. Baina hori baztertu eta kamera aurrean erakutsitakoagaz geratzen naiz.

‘Naiara Always Happy’ izenpean youtube kanala duzu. Zein da beti zoriontsu egoteko sekretua?
Ez dago. Zoriona ez dator bat-batean, landu beharreko sentimendua da. Normalean poza ematen didaten gauzekin geratzen naiz eta besteak ahazten ahalegintzen naiz. Bizitzan denerik dago, eta ezer ematen ez dizuna hobeto baztertu, ez du ezertarako balio eta. Osasun mentala lantzea oso garrantzitsua da, eta uste dut alde batera utzi dugula. Ezin gara gauza onak noiz etorriko zain egon, norberak sortu eta landu behar ditu. Hori dut bizi filosofia.

Egunero kirola egiten duzu eta zeure buruari erronkak ipintzea gustatzen zaizu. Zein da zure hurrengo erronka?
Orain crossfit-a, dantza eta inoiz kickboxing-a egiten ditut, baina ez dut baztertzen beste zerbait berria hastea; asko gustatzen zait gauza berriak egitea. Adibidez, urari beldurra kentzea gustatuko litzaidake. Ez dut inoiz uretako kirolik egin, beldurragaitik batez ere. Halako erronka bat egingo nuke, bai.

Reality zalea zara?
Ez asko. Ez ditut asko ikusi eta ikusitakoak lagunekin berba egiteko ikusi ditut, batez ere. Dena dela, asko gustatu zait reality baten barruan egotea, guztia zelan egiten den ikustea. Kameraren atzean dagoen talde osoa izugarria izan da gugaz, eta hori ere eskertzekoa da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!