Zelan sortu zenuten Astoturfer?
2016an Jon Abarzuza bateria jotzen ikasten hasi zenean, argi zuen bere ametsa eta helburua talde batean jotzea zirela. Rock Izar musika eskolan hasi zen eta han Aner ikusi zuen, gitarragaz. 'Hemendik urtebetera elkarregaz jotzeko deituko dizut', esan zion. Esan eta egin. San Faustoetan, Jonek Alberto ikusi zuen Antonio´s taberna parean, eta elkarregaz jotzeko proposamena egin zion; urte batzuk jo barik egon arren, segituan eman zion baiezkoa. Gero, Jon Azkuenaga batu zen. Azkenik, Alex tentatu zuten Rincon tabernan, eta hala sortu zen taldea.
Zerk motibatu zaituzte Astoturfer sortzera?
Ondo pasatu eta musikagaz disfrutatzeko asmoagaz elkartu ginen.
Zein sentsazio geratu zaizue 'Atxiperre'-k izan duen harreragaz?
Entzun ditugun kritikak baikorrak izan dira, baina gehienak lagunenak eta familiakoenak izan dira.
USBan grabatu duzue, formatu berezi bategaz. Zergaitik?
Musika digitaletik aparte formaturik erabiliena delako, eta Azokan zeozer fisikoa aurkezteko beharragaitik ere bai.
Zelan joan zen Ahotseneako kontzertua?
Itzel! Plateruena altxor bat da, galtzen utzi ezin duguna. Etxean jo genuen, etxekoentzat, eta, gainera, sekulako ekipo eta teknikariekin.
Eragin dizue osasun krisialdiak konposatzerakoan?
Gatx da horri erantzutea. Hasi ginenetik zazpi abesti sortu ditugu, eta hainbat bertsio landu. Zazpi horietatik bost aukeratu genituen grabaziorako. Gure sortze prozedura motela da. Osasun krisialdiari dagokionez, nori ez dio eragin? Musikan edo letretan baino gehiago, taldearen funtzionamenduan eragin du. Entseatzeko arazoak, bolorik ez... Beharbada, horrek bultzatu gaitu grabatzera.