Helduz gero, Morgaetxebarriarentzat Olazar txapelketako bigarren finala litzateke. Iaz, COVIDak baldintzaturiko txapelketa laburragoan, ezin izan zuen txapela jantzi. Karregalek eta biek etsi egin behar izan zuten Mata-Irurita bikotearen aurka.
Adituek finalerdi parekatua aurreikusten dute. Morgaetxebarria sasoian dago eta atzean nagusitzen bada partidua euren alde ipini daiteke. Kontuz ibili beharko dute Etxebarriagaz aurrean, tantoa erraz amaitzen dabilelako txapelketan.
Bikote irabazleak Mata-Aizpuru bikotearen kontra jokatuko du finalean. Joan zen egunean lehenengo finalerdian Matak eta Aizpuruk 22-9 menderatu zituzten eta Fernandez eta Iztueta.
Lau t'erdian
Gizonetan lau t'erdiko finalista biak erabakita daude dagoeneko: Ruiz de Larramendi eta Olaetxea. Ez dago faborito argirik. Biak sakatzaile onak dira eta min egin dezakete horretan. Jokoan, Olaetxeari pilota luze erabiltzea gustatzen zaio eta Ruiz de Larramendi,ostera, gehiago da joko motzeko pilotaria. Aurkaria norbere jokamoldera ekartzen duen pilotariak asko eginda izango du finalean.
Aurten emakumeen lau t'erdiko txapelketa ere antolatu dute, lau pilotarigaz. Lehenengo finalista joan zen eguenean erabaki zen, Aldairen eta Larrarteren arteko partiduan. Aldaik 22-11 menderatu zuen Larrarte. Bigarren finalerdia hurrengo eguenean jokatuko dute Garaik eta Arrizabalagak.
Final guztiak abenduaren 31n jokatuko dituzte, 16:15ean hasita, Zaldibarko Olazar pilotalekuan.