Babes sare komunitarioak sortzearen garrantziaz arituko dira Durangon

Anboto 2021ko abe. 14a, 10:35

Julio Gisbert Iberoamerikako Denboraren Bankuen Elkarteko lehendakariak berbaldia eskainiko du abenduaren 15ean Durangon. Elkartegian izango da 18:00ean.

Gisbertek berbaldian azalduko du edozein erakundek edo taldek sor dezakeela elkarri laguntzeko sare komunitario bat. Egonkortasun pertsonala eta auzotarren garapen emozionala hartuko ditu abiapuntutzat. Durangoko Udalak ohar batean adierazi duenez, "sare komunitario hori ezinbestekoa da familia-sareak gero eta txikiagoak diren eta gero eta bakardade-egoera gehiago sortzen ari diren gizarte batean". Julián Ríos alkateordeak gaineratu du sareok "gizatalde zaurgarrien inklusiorako tresna" ez ezik, "gazteen eta 55 urtetik gorakoen enplegurako eragile dinamiko" ere badirela.

Berbaldi hau Durangoko Aniztasun Eskolak antolatu du, Hizkuntza Boluntariotzaren Programaren esparruan. Immigrazioaren ezagutzan sakontzeko interesa duten eta udalerriko kulturen arteko bizikidetzarekin konprometituta dauden Durangoko pertsona guztiei zuzenduta dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!