"Amagaz 'Chiloeches' bisitatzera joaten nintzen kartzelara; trapuzko panpinak oparitzen zizkidan"

Jone Guenetxea 2021ko abe. 11a, 10:30

Memoria historikoaren lanketan ikusi da emakumeen kartzeletan gertaturikoa isilarazia izan dela denbora luzez. Durangon bertan, gaur egun Nevers ikastetxea dagoen lekuan, emakumeen kartzela egon zen, 1939tik 1940ra bitartean. Mojek kudeaturiko presondegia zen eta ehunka emakumek eta euren seme-alabek muturreko baldintzetan bizirik iraun zuten. 

Besteak beste, Rosario Sanchez 'La dinamitera' miliziar ezagunak —Miguel Hernandezek poema bat eskaini zion— ezagutu zuen Durangoko presondegia. Haren moduan, estatu osoko beste kartzela batzuetatik ekarritako emakumeak batu zituzten Durangon. Bizi izan zuten egoera gogorrari familia eta lagunak urrun izatea gehitu behar zioten.

Egoera horretan, hainbat durangarrek elkartasuna adierazi zieten preso haiei. Maite Anduezaren eta bere amaren kasua izan zen. Anduezak berak kartzela egon zen lekuan bertan orain aste bi antolaturiko 'Agurrik Gabeak' ekitaldian azaldu zuen legez, 'Chiloeches' gatxizena zuen presoa ezagutu zuen txikitan. "Amagaz 'Chiloeches' bisitatzera joaten nintzen kartzelara. Madrildarra zen, baina udan Zarautzera joaten zen. Barrenkaleko gure auzokide batzuk zarauztarrak zirenez, uste dut haien bitartez joaten ginela ama eta biok 'Chiloeches' bisitatzera", azaldu zuen Anduezak. Sasoi hartan sei bat urte zituen arren, Anduezak ondo gogoratzen ditu presoa eta eurak banatzen zituen barrote sendoak. "Amagaz oso pozik joaten nintzen bisitan, 'Chiloeches'-ek eskuz egindako trapuzko panpinak oparitzen zizkidan eta", gogoratu zuen durangarrak. "Egun batean, Zarauztik etorritako neska gazte biren bisita izan zuen. Kartzelatik irten arte lagundu genien amak eta biok", gaineratu zuen Anduezak. Sekula ere ez dute emakume preso haren benetako izena jakin. Ezta Durangoko kartzela itxi eta gero zer gertatu zen ere beragaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!