Zelakoa izan da zuen egonaldia Durangon eta Euskal Herrian?
Jaso dugun harrera beroa, abegikorra eta gertukoa izan da. Hasiera-hasieratik etxean lez sentitu gara. Konturatu gara gauza askok batzen gaituztela eta ikusi dugu askok bazutela gure herriaren eta hango borrokaren berri. Hemen, Durangon, familia asko ezagutu dugu. Euren etxeetan egon gara. Eta ikusi dugu euskaldunak oso lotuta daudela haien kulturara eta haien hizkuntzara. Horrek indar handia eman digu. Hemen sentitutako erresistentzia eta borroka sentimendu hori gure lurraldera eraman daitekeela uste dugu.
Azokan 'Hala ere' dokumentala aurkeztu duzue, Kobaneko liburutegiari buruzko dokumentala.
Tamalez, Ekialde Hurbilaren errealitatea da armak hartu barik oso gatxa dela zure eskubideak eta zure kultura defendatzea. Horregaitik, amets txiki bat betetzea, zure hizkuntzagaz osaturiko liburutegi bat zabaltzea adibidez, izugarrizko borroka da. Filmean erakusten den familiaren egoera beste familia askoren erakusgarri da. Amets bat egia bihurtzeko borroka kontatzen du. Kasu honetan, kurduerazko liburuekin osaturiko liburutegi bat zabaltzeko. Hala ere izenburuagaz horixe adierazi gura genuen, egiten digutena egiten digutela ere, gure ametsen alde borrokatzen jarraituko dugula.
Zelakoa da bizimodua Kobanen, eta zelakoa da Kurdistango gainerako lurraldeen arteko hartu-emana?
Hiria askatu zenetik, herritarrik gehienek bertara bueltatzea lortu dute. Hiria berreraikitzeko grina handia egon da, baina Turkiak, batez ere, Kurdistango hainbat lurralde okupatu du. Eta Kobane gertu dagoenez gero, mehatxupean dago. Herritarren egoera psikologikoa beldurrez eta mehatxuz beteta dago. Egon dira saiakerak Kobaneren eta gainerako lurraldeen arteko hartu-emanak indartzeko, baina Turkiak Kurdistango iparraldean eragindako errepresioaren eraginez ia ezinezkoa da hartu-emanak sendotzea. Mugak fisikoki itxi ditu harresiak eraikita. Horrez gainera, errefuxiatuen kanpalekuetan milaka herritar dago eta Turkiak ur-hornidura darabil gerrarako arma legez.
Zuen delegazioa hiru emakumez osatuta dago; gerran, emakumeak armak hartuta ageri ziren argazkiak ailegatzen zitzaizkigun. Zein rol du emakumeak Kurdistanen?
Emakumeak funtsezko rola jokatu du beti. Adibide txiki bat: gizartea klanetan banatuta dago, familia modukoetan, eta klan bakoitzak emakume izena du, horretarako hain zuzen ere, emakumearen rola azpimarratzeko. Bestalde, azaroaren 25eko mobilizazioetara gizonak ere joaten hasi dira