57. Durangoko Azoka abenduaren 7tik 11ra izango da

Anboto 2021ko abe. 8a, 20:34

Aurtengo Azokaren balorazio positiboa egin du Gerediaga elkarteak. 25.000 kulturzalek bisitatu dute Landako Guneko aurrez aurreko Durangoko Azoka. Kulturzaleen, argitaletxeen, diskoetxeen eta sortzaileen konpromisoa eta ardura eskertu dituzte, baita ere. 

Gerediaga elkartearen presidente Nerea Mujikaren berbetan erantzuna "bikaina" izan da. "Pozik gaude berriro ere batzeko aukera izan dugulako, kulturzale eta sortzaileak plazan elkartu ditugulako berriro, egungo egoerara moldatuta bada ere". Ahotseneak, ostera, 7.500 bisitari jaso ditu, eta Liher, Willis Drummond, Anari, Skakeitan, Kai Nakai, edota Nikotinaren disko aurkezpenetan aforoa agortu da. Literatur solasaldien kasuan, Alaine Agirre, Eider Rodriguez, Jon Maia eta Leire Vargasen aurkezpenak izan dira jendetsuenak. 

Aurrez aurreko azokaz gainera, alde digitala ere eduki du Durangoko Azokak. Abenduaren 3tik 7ra 1.300 erosketa egin dira durangokoazoka.eus webgunean, eta guztira 5.400 lan erosi dira; batezbesteko gastua 58 eurokoa izan da Gerediagaren arabera. Streaming kateari dagokionez, 21.000 lagun konektatu dira abenduaren 4tik 8ra bitartean. 

Boluntario lez aritu diren langileen konpromisoa eskertu dute, baita ere. "Durangoko Azoka kulturaren plaza da, euskal kulturak bizia hartzen duen topagunea eta hori guztia posible egiten duzuenen laguntza eskertu nahi dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!