Ibai Aizpuruaren 'Barraka' bideojokoari eman diote IV. Sormen Beka

Aritz Maldonado 2021ko abe. 7a, 12:05

Aizpuruak urtebeteko epea izango du bere proiekua garatzeko, eta 15.000 euro jasoko ditu helburu horretarako; 2022ko Durangoko Azokan aurkeztu beharko du. Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarra da. 

Sorkuntza digitala izan da bekaren aurtengo gaia. 'Barraka' bideojokoak irudi errealak, stop-motiona eta animazio tradizionala uztartuko ditu. Ibai Aizpurua bera izango da irudiez, diseinuaz, animazioaz eta programazioaz arduratuko dena. Musikarako. ostera, Gonzalo Sardón 'Amenaza'-ren laguntza izango du. "Azken urteetan bideojoko proiektu txiki ugari sortu ditut, laguntza erraldoi honi esker, baina, aurrerapauso bat emateko aukera eman zait: bideojoko oso bat garatzeko ahalmena", azaldu du Aizpuruak prentsaurrekoan. 

Lorea Arakistain PuntuEUS fundazioko komunikazio arduradunak eta aurtengo epaimahaiaren bozeramaileak "plazerezko mundu" gisa definitu du Barraka. "Barraka oso proposamen iradokitzaile eta tentagarria da. Haurrentzako fantasiazko mundu estetikoki eder eta gozagarria sortzen du, egiekin jateko modukoa. Era berean, helduoi barruan ahaztuta izan ohi dugun mundua ateratzen lagunduko digu. Haur izan garen guztiontzat ezagunak diren bizipen eta erreferentziekin: herri txiki bateko festak, barrakak, gozokiz jositako mundu bat... plazerez betetako mundu bat", azaldu du Arakistainek. Beraz gainera, Diana Francok (Kabi@ guneko arduraduna), Vanesa Fernandezek (Zinebi jaialdiko zuzendaria), Rakel Esparzak (Azkuna Zentroko programazio arduraduna) eta Iker Fidalgok (Arte Ederretan doktorea eta ikertzaile independientea) osatu dute epaimahaia. 

Durangoko Azokako Sormen Bekaren laugarren edizioa da aurtengoa. Orain arteko irabazleak AtopiaRPG euskarazko lehen rol jokoa, Kai Nakai musikaria eta Bañolet websaila izan dira. Durangoko Udalaren konpromisoa eskertu du Nerea Mujikak ekitaldian. Ima Garrastatxu Durangoko alkateak, sortzaileek egungo "garai zailetan" sortzaileek erakunde publikoen babesa jaso behar dutela azpimarratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!