Urbeltzek 60ko hamarkadako iruditeriaren berrikuspena egin gura izan du, "revivalismo ariketa bat" bere berbetan. Egile nafarrak Arte Ederren lizentziatura eta Ikerketa eta Sormena Artean Masterra ikasi zituen EHUn, eta, ondoren, Bartzelonan eta Madrilen jarraitu zuen ikasketak egiten. Bere lanak Seulen, Juarezen (Mexiko), Pekinen eta AEBetan egon dira ikusgai, besteak beste. Egun, sormen lana bitartekaritza eta hezkuntza lanekin uztartzen du. Azkenaldian, muralista lan ugari egiten dabilela azaldu du Urbeltzek. Eguraldiaren menpeko lana izatera, "azken ordura arte" ez du jakingo aurten Durangoko Azoka eta Landako Gunea bisitatu ahalko dituen.
Zein elementuk osatzen dute 'Desipuindegia'?
Hainbat elementu agertzen da. Elementu arkitektonikoei dagokienez, adibidez, Andra Mariko elizpea eta Landako Gunea ageri dira. Bata lehenengo urteetako Durangoko Azokaren kokalekua zen, eta bestea gaur egungoa. Hain zuzen ere, lehenengo edizio horiek gogoan eduki gura izan ditut. 60ko hamarkada horretara begiratu nuen, estetikoki eta kulturalki asko interesatzen zaidan garaia delako. Anboto ere ikusten da.
Paralelismo bat ere egin nahi nuen. Iazko Azoka Interneten bitartez egin behar izan zen, eta, aurten, betiko aurrez aurreko Azoka berreskuratuko da. Alde horretatik, The Beatlesen urpekaria itsasoko uretatik irteten den bezala, mundu birtualetik espazio fisikorako jauzia islatu nahi nuen. Horixe izan zen nire lehenbiziko hausnarketa. Horrez gainera, 2015ean publikatu zuen liburua helarazi zidan Gerediaga elkarteak, Durangoko Azokaren historiari buruzkoa. Bertan, Joseba Sarrionandiak testu bat idatzi zuen eta Ricardo Arregi aipatzen du. Biek desipuindegiaren kontzeptua aipatzen dute. Garai hartan, 60ko hamarkada hartan, oso ikonoklastak zirela eta euskal kulturak, garaikidea izateko, zaharra zena berritu behar zuela diote. Gazteek zuten berrikuntzarako kritikaz hitz egiten dute, eta, hari horretatik tiraka, asko maite dudan revivalismo ariketa bat egin dut.
Kili eta Kuir pertsonaiak ere ageri dira unibertso horretan.
Biak, nolabait, Kili-Kili zaharraren etorkizuneko lagunak dira. 80ko hamarkadan ezagutu nuen Kili-Kili aldizkaria, Ikastolara iristen zen; estetikoki ere asko gustatzen zait berdearen eta laranjaren arteko nahasketa hori. Urte horietako publikazioetan begira nenbilela, gizonezko asko zegoela ikusi nuen, baina emakume gutxi. Orduan, Kili emakumea izatea pentsatu nuen, eta Kuir binarismoan erortzen ez den pertsona bat.
Kartela koloretsua da.
Enkargua jasotzeko arrazoia, neurri batean, horixe izan dela esango nuke. Nire lanetan asko erabiltzen ditut koloreak. Eraldaketarako oso baliagarriak direla uste dut.
Zelan jaso zenuen Azokarako kartela egiteko enkargua?
Niretzat ohore handia da. Txikitan ikastolatik joaten ginen Azokara, urtero, eta gerora, nagusiagotan, ilustratzaile lez eginiko lanak aurkeztera ere etorri naiz. Horrez gainera, Ane Pikaza eta Oier Zuñiga, azken bi urteetako kartelen egileak, lagunak ditut, eta, nolabait, beraiek egindako lanarekin jarraitzeko modu bat da hau, eta horrek asko pozten nau.