“Musika kontsumitu egiten dugu, entzun ez horrebeste”

Aritz Maldonado 2021ko abe. 3a, 17:00

Eneritz Furyakek (Irun, 1993) 'Emadan' lan berria aurkeztuko du Ahotsenean, abenduaren 4ko zapatuan, 12:10ean. 

'Emadan’ aurreko lanak baino ilunagoa da. Badu tarterik argirako?
Entzulearen esku dago interpretazio hori, baina baietz esango nuke. Mezu ilunak ditu, galdera deseroso asko, erritmo pausatuak eta melodia ilunak, baina xehetasunei begiratuz gero, argi printz asko ditu, baita helduleku baikor asko ere mezuetan. Galdera pilaketaren aurrean, baina, gizakiok maiz sentitzen dugu beldurra. Eta beldurra izan daitekeen emozio askatzaile hori, tamalez, maiz lotzen dugu negatiboarekin.

Perspektibagaz, zelan ikusten duzu lana?
Behin kaleratuta, bere lanak berriro entzuteko gai ez den sortzaile horietakoa izan naiz urteetan zehar. Oraingoan ez da horrela izan; noizean behin entzuten dut diskoa eta maite dut oraindik orain. Beste zentzu batzuk emateko aukerak ematen dizkit, melodia batzuetan gehiago erreparatzeko… Zuzenean ere ohartu naiz kantu batzuk ez ditudala hain gertuko sentitzen orain, eta beste batzuek harritu nautela oholtza gainean hartzen duten indarragatik. Kanta batzuek oholtzan sortu dezaketen haize-zurrunbiloak pizten nau.

Diskoa lan borobila da, osotasunean entzuteko.
Borobila den ez dakit, hori asko esatea da beharbada! Baina badago osotasunean entzuteko pentsatua. Hari narratibo moduko bat du, eta narratiboa diodanean giroez ari naiz, ez nahitaez gaiez. Hala nahi nuen eta hala izan da. Horrek ere aukera eman dit egin nahi dudan musika, ziurrenik denborarekin asko aldatuko den arren, zein norabidetan gidatu nahi dudan ikusteko. Koherentzia bat bilatzera behartu nau. Eta gelditzeko aldarrikapentxoa ere hor dago, bestela azkenean musika kontsumitu egiten baitugu, entzun ez horrenbeste...

Gitarragaz eta ahotsagaz konposatu eta gero, elektronikagaz jantzi dituzu abestiak.
Entzuten dudan musika asko eta asko elektronikoa da edo elektronikaz jantzia, eta aspalditik egin nahi nuen zerbait zen. Banekien nire musikako gaientzat jantziak josteko egokia izan zitekeela, frekuentzia ilunagoetan eta zaratetan murgiltzen uzten dizulako, eta nahiko unibertso zabala delako. Erronka bat zirudiena esperientzia eraldatzailea bihurtu zen gero.

Zelan moldatu zara zuzenekoetara eramateko?
Aukerak hamaika ziren: loop-ak egitea, taldean jotzea, aurrez grabatutako pasarteak erabiltzea... Baina lan hau bakarka jo nahi nuen, eta zuzen-zuzenean jo, asko gustatzen zaidalako zuzenean dinamikarekin eta erritmo gorabeherekin jolastea. Hortaz, sinteak jotzeko, libre nituen gorputz-adarrak baliatzea otu zitzaidan. Sinteak oinekin jotzen ditut, pedal batzuen bidez. Xehetasunen bat edo beste aurrez grabatuta eramaten dut. Baina ia guztia da zuzenean jotakoa.

Zer ikusi ahalko dugu Ahotsenean?
Gitarra akustikodun ohiko bakarlaria itxuraz, baina beste sonoritate eta giro ilun eta zaratatsuetan murgilduta. Kantaren bat ere gitarra hutsez jotzen dut, entzulearen aurreiritziak aurreiritzi huts izan ez daitezen. Uste dut zuzenean gozatu daitezkeen kantak direla, baina barrura begirakoak, ez sobera hedonistak edo alai eta xaloak.

‘Bidegurutzean’ saioan Willis Drummond eta Eñaut Elorrietagaz batera ikusi zintugun. Azoka ere bada musikari eta artisten topagune?
Bai, badu Bidegurutze kutsua, hain zuzen ere. Batarekin eta bestearekin hitz egiteko tarteak eskaintzen dizkizu, urtean zehar gertatu denaren begirada zabala izateko urte amaieran… Uste dut, hala ere, interesgarriena dela neurri batean musikaria entzule, idazlea irakurle, eta abar bilakatzen dela, eta hor sortzen dela aukera elkarlanerako, mirespen apur bat elkarren maila antzekoagoan jartzen garenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!