“Ikuskizunerako musika aukeratzean, nahikoa apustu ez ortodoxoa egin dugu"

Aitziber Basauri 2021ko abe. 5a, 11:00

'Album' Formol Laborategia konpainia gaztearen lehenengo ikuskizuna da. Azaroan estreinatu zuten, Azpeitian egindako Euskal Antzerki Topaketaren barruan, eta, abenduaren 6an, Durangon aurkeztuko dute. Intza Alkain eta Mikel Ibarguren igoko dira oholtzara. 'Album' ikuskizuna euskal antzerki sortzaile berriei bultzada emateko Zubi egitasmoaren bosgarren deialdiaren emaitza da, eta ANBOTOk Edurne Azkarate zuzendariagaz berba egin du.

'Album' belaunaldi baten erretratua dela esan daiteke?
Deneriko egoera, sentimen, autofikzio, gatazka... batzen dituen bilduma bat da Album, edukiontzi bat. Belaunaldi oso bati begiratu gura genion, eta iruditu zitzaigun egitura aldetik ondo funtzionatu zezakeela album itxurako bilduma edo edukiontzi bat sortzeak.

Euren artean independenteak diren hainbat egoerak osatzen dute, beraz, ikuskizuna.
Ez du egitura narratibo bat, nahiz eta hasiera bat eta amaiera bat eduki. Gai berdinari angelu desberdinetatik begiratzeko saiakera da, ahalik eta ikuspegirik poliedrikoena sortzeko. Hala ere, seguru leku askotara ez garela helduko.

‘Millennial’ izendutako belaunaldi horri eman diozue ahotsa.
Oso belaunaldi zabal bati. 1980tik 1995era bitartean jaiorikoak batzen ditu ‘millennial’ izendapen horrek, baina, bai,  guk erabiltzen dugun iruditegia dezente zabala da. Uste dugu gazte multzo orokor handi horretatik gaudela gertuen. Dena dela, norberak erabakitzen du noiz arte den gaztea. Gainera, ez dugu uste gaztea izan behar denik galduta egoteko edo guk egindako galdera berberak egiteko. Hainbat ikerketaren arabera, badugu engainatu gaituzten sentsazio hori, gure gurasoak bezain ondo biziko ez garen lehenengo belaunaldia gara eta. Halako nihilismo batean jausi gara, ezer ez delako pentsatzen genuena. Uste dut unibertsala dela hori, helduarora pasatzeko trantsizio horren kontakizuna dela. Edozein belaunalditan, edozein  garaitan  gertatzen dela dezepzio hori.

Zer eragin gura duzue ikuslearengan 'Album' ikuskizunagaz?
Konposizio mailan, eszena horiek guztiak ikusiaraztea da asmoa, helduleku asko ematea, baina hutsuneak ere bai. Ikusleak heldulekua topatu ondoren bere bizipenetik, bere subjektibitatetik bete behar ditu hutsuneak; kontatzen dugun hori zelan bizi duen gogoratzetik bete behar du gainerakoa ikusleak. Horixe da,  gure ustez, antzezlanaren alderik interesgarriena. Bat-batean zelan bihurtu daitekeen iruditegi kolektibo bat norberaren istorioaren parte. Horren barruan, hausnarketak ere badu lekua. 

Ikus-entzunezkoak, musikak, pisu garrantzitsua hartzen du obran?
Musika aukeratzean, nahikoa apustu ez ortodoxoa egin dugu. Garai bateko oso musika zehatza erabili dugu, gaztelaniazko oso musika mainstream-a, probokazio lez. Euskal izate horretan ere iruditzen zitzaigulako polita litzatekeela armairutik atera eta beste abesti horiek guztiak ere badakizkigula onartzea. Kontraste moduan, ikuskizunerako espreski sorturiko hiru pieza ere badaude. Bestalde, bideoa oso baliogarria egin zaigu gutaz berba egiteko. Orain dena da ikus-entzunezkoa: bideoa, norbere burua grabatzea, bakoitzaren alderik onena ematea. Hori guztia kontatzeko aukera eman digu bideoak, esan ere egin barik. Eta aldi oro zelatatuak garen sentsazioa ere ematen du. Elementu bakoitzak bere esangura izatea gura genuen, eta horrek esangura ematea beste guztiari.

Euskal Antzerki Topaketaren barruan estreinatu zenuten azaroan. Zelako harrera izan zuen?
Oso ona, estreinaldiak bereziak direlako beti. Gainera, zatikatua izatera, stand-up comedy izaera hartzen duela uste dugu, eta sekuentzia bat amaitzean, ikusleak txalotzeko edo txistua jotzeko baimena duela sentitzen du, hurrengora arte. Jendeagaz konektatuta sentitzen zara, oso polita da.

Plaza berezia da Durangoko Azoka?
Oso erakusleiho ona da, eta energetikoki interesgarria: jai giroa, elkartasun nahi bat… egongo dira. Hori guztia antzokira ekartzea oso baliotsua da, oso magikoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!