“Herri txikietako ondarea zelan berreskuratu daitekeen erakusten du 'Orratz Ondareak' lanak"

Maialen Zuazubiskar 2021ko abe. 5a, 14:00

'Orratz Ondareak' Erronkariko Urzainki herrian dago kokatuta. Dokumentalean, despopulazioaren ondorioz galzorian dauden hainbat lanbide, ohitura eta ondare kulturali tokia eman gura zaie. Bego Goitia eta Irune Mateo durangarrek ekoitzi dute dokumentala. ANBOTOk Goitiagaz berba egin du.

Zer da 'Orratz Ondareak'?
Orratz Ondareak dokumental bat da eta Durangoko Azokan aurkeztuko dugu. Urzainkin kokatzen da, Nafarroako herri txiki batean. Despopulazioa eta horrek dakarren ondorioa dira dokumentalaren muina. Izan ere, despopulazioaren ondorioz herri txiki asko desagertzeko arriskuan dago, eta herriekin batera ondarea, kultura, bizimodua eta abar desagertzen dira. Testuinguru horretan, Urzainkiko zenbait emakume urtebetez lanean aritu da, josten, bailarako jantziak berreskuratzeko asmoz. Guztira, emakumeentzako hiru jantzi eta gizonezkoentzako beste hiru egin dituzte. Etorkizunean, horiek Urzainkiko ondare izango dira eta herritarrek jaietan, ezkontzetan zein Erronkaribarrean egiten den Hiru Behien Zergan erabali ahalko dituzte.

Kontua da emakume hauek, jantziak berreskuratzeaz gainera, lehengo ohiturak, ondareak eta kultura berreskuratzen dituztela, besteak beste. Dokumentalean lan horren jarraipena egiten da eta emakumeek euren gogoetak ere egiten dituzte. Herri txikietako ondarea zelan berreskuratu daitekeen erakusten du Orratz Ondareak lanak.

Nondik etorri zaizue dokumentala egiteko ideia?
Proiektu hau Urzainkiko Udalaren eta Diseimedia enpresaren arteko lankidetza hitzarmen bat da. Urzainkiko Udalak ezagutzen gintuen, bailaran hainbat proiektu egin dugulako, eta gugaz hartu-emanetan ipini ziren. Ondarea berreskuratzeko kezka hori emakumeengandik eta udaletik bertatik sortu zen, eta guri oso proiektu polita iruditu zitzaigun.

Pandemia sasoian grabatu duzue dokumentala. Zelan joan da?
Dokumentalaren grabazioak hainbat zailtasun izan du. Azken batean, proiektua 2020an ipini zen martxan, pandemia betean. Eta, alde horretatik, hainbat zailtasun izan dugu bidean. Baina, zailtasunak zailtasun, aurrera atera dugu.

Beste alde batetik, ostera, dokumentala egitea oso aberasgarria eta polita izan da. Urzainkiko emakumeek parez pare zabaldu digute euren etxeko atea, etxekotu egin gaituzte eta edozertan laguntzeko prest izan ditugu. Dokumentalari eskerrak, oso gertuko hartu-emana egin dugu eurekin. Alde horretatik, oso polita izan da eta Urzainkiri oso eskertuta gaude. Besoak zabalik hartu gaituzte.

Azokan aurkeztuko duzue lana.
Azokaren moduko testuinguru batean dokumentala aurkeztu ahal izatea gauza handia da guretzat, Euskal Herrian erakusleiho ikaragarria da eta.

Oso ilusionatuta gaude, baina baita urduri ere. Azken batean, azken urtean lanean ibili garen proiektua gure etxeko eta ingurukoen artean partekatzeko aukera izango dugu, baita Irudieneara doazen gainerakoekin ere. Proiektu hau eta proiektu honen ideiak Azokara bertaratzen direnekin partekatzea gauza handia da guretzat.

Gainera, Urzainkiko emakumeak oso motibatuta daude eta esan digute eurak ere bertaratuko direla beharbada. Beraz, polita izan daiteke dokumentala amaitu eta gero egingo den berbaldian eurek ere hitza hartzea eta euren esperientziaren berri ematea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!