Batuz Aldatu: adostasun sozialean oinarrituta, dokumentu batean hainbat proposamen jaso duzue bide horretan aurrera egiteko. Zeintzuk dira?
Euskalgintzatik aspaldi esana genuen gure herriko euskalduntze prozesuak beste fase batera pasatu behar duela. Normalizazio prozesuak bide oparoa egin du, baina orain kristalezko zapai baten aurrean gaude.
Kontseilua azken urteetan ari da esaten hizkuntza politikak berrikusi behar direla normalizazio prozesuan aurrera egiteko. Baina jauzi hori ez duela bakarrik euskalgintzak bultzatu behar: adostasun zabala izan behar duela oinarri. Horregatik, lanketa bati ekin genion guztiok batera, hizkuntza politiketan eman behar den jauzi hori zelakoa izan behar den definitzeko.
Askotariko 100 eragilerekin sei hilabeteko lanketa egin ostean, lortu genuen adostea jauzi hori egiteko hizkuntza politiken helburua euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea eta bermatzea izan beharko dela.
Hizkuntza politiketan zein pauso eman beharko lirateke?
Pausoez baino, norabidetzeaz hitz egiten dugu. Guk ez dugu estrategia bat proposatzen, baizik eta hizkuntza politikek hartu beharreko norabidea definitzen dugu. Pausoak gero etorriko dira. Argi dugu aipatutako helburua lortzeko hizkuntza politikak ardatz bitan garatu behar direla: bata, herritar guztiek euskaraz eroso aritzeko gaitasun egokia izan dezaten; eta bestea euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzea, garatzea eta elkarlotzea, hala nahi duen edonork euskara erabiltzeko inolako eragozpenik izan ez dezan.
Dokumentuaren sinatzaileen artean aniztasun handia dago. Era berean, dokumentuak adostasun handia jaso du. Hori bera bada lorpen bat.
Dokumentu honen baliorik handiena da adostasuna zabala eta oso anitza dela. Azken batean, oso eremu desberdinetako eragileen ekarpenekin josi dugu adostasun hau. Aniztasuna ikuspegi geografikotik hasita, Euskal Herri osoko eragileak batu baitira, baina baita eragile mota aldetik ere: mugimendu feminista, LGBT+ elkarteak, mundu kooperatiboa, elkargo profesionalak, kirol elkarteak...
Zelan planteatu duzue Durangoko Azokako berbaldia? Zelakoa izango da abenduaren 5eko berbaldia?
Berbaldi honetan partekatu nahi dugu nola iritsi garen adostasun honetara eta zeintzuk izango diren etorkizunari begirako urratsak. Baina baita zein den eragile hauekin guztiekin lortu dugun adostasunaren muina. Azken batean, herritarrak ere eragile izan behar garelako, euskararen normalizazioan aktibatu behar garelako. Denok dugu erronka honetan bultza egiteko erantzukizuna.