"Musikaria ez dena harrituta geratu ohi da biolontxeloa bestelako esparruetan ikustean"

Ekaitz Herrera 2021ko abe. 5a, 10:00

Eñaut Zubizarreta 'Trigger' musikariak eskoletatik eta eremu klasikoetatik atera gura izan du biolontxeloa. Doinu berritzaileak batu ditu 'Poliedro Vol.1' disko liburuan

'Poliedro Vol.1' izeneko lana aurkeztuko duzu Azokan. Txeloa musika eskoletatik atera eta gainerako espazio musikaletara eramateko saiakera modura ulertu behar dugu argitalpena?
Bai, biolontxeloa beste esparru musikal batzuetan txertatzeko saiakera bat da. Biolontxeloak musika klasikoagaz duen lotura apurtzeko modu bat da. Egia bakar bat sortzen denean, kontakizun bakar bat sortzen denean, horrek esan gura du kontakizun hori baten batek monopolizatzen duela. Esparru askotan ikusten da hori. Euskal Herriko gatazkagaz, adibidez. Musikagaz ere bai. Mendebaldeko zibilizazioan, gizonezko zuriak munduko hegemonia kulturala sortu du. Bestelako musika asko egon da munduan zehar. Mendebaldean ere bai. Gizonezko zuri ahaldundu horretatik aparte egondako jendeak, langile klaseari loturiko jendeak, beti izan ditu kultura propio bat eta lengoaia propio bat. Eta beharrizan bat ikusi dut hori guztia kalera ateratzeko.

Diskoa 19 pieza musikalez osatuta dago. Zer-nolako kolore eta doinuetara bidaiatuko du entzuleak?
Diskoan XX. mendeko Mendebaldeko musika dago. Gehienbat rocka, bere espektrorik zabalenean. Stonerra, hardcorea, grungea edo gura dena. Gero, techno apur bat ere badago. Baina, batez ere, forman egin dugu azpimarra. Hiru aldetatik ikusiko dugu biolontxeloa. Batetik, soloa dago, bakarkako adierazpena. Bestetik, ensemble delakoa, trioa. Eta, azkenik, loop eta efektu pedalen bitartez egindako lanak. Horregaz guztiagaz kolore aniztasun bat plazaratzeko asmoa izan dugu.

Zelako harrera izan du lanak?
Proiektua zuzenean ikusi duenak gustura hartu du. Batetik, musikaria ez den jendea harrituta geratu ohi da biolontxeloa beste esparru batzuetan ikusterakoan. Bestalde, musikaria den jendeak ere harrera ona egin dio lanari. Ikerketa eta teorizazio lan handia ikusi du honen atzean. Ikusi dute alde horretatik ere bide bat egin daitekeela.

Diskoaz gainera, lanak liburua ere badakar. Zertzuk jaso dituzu bertan?
Lehenago esandako moduan, saiakera kutsua duen lana da. Lehenengo partea saiakera puru modukoa da. Nire usteak eta gogoetak plazaratu ditut beste batzuen iritziekin indartuta. Gaien aldetik, musikarekiko kritika bat ageri da. Bigarren zatia arlo metodologikoari dagokio. Biolontxeloetara eta hari-instrumentuetara begirako lengoaia musikal berria nondik joan daitekeen aztertzen dut. Atal ezberdinak daude harmoniari, errekurtso teknikoei, grafiari eta teknologia berriei lotuta. Gero, 19 abestien partiturak daude. Eta, amaieran, aipu bibliografiko guztiak jaso ditut. Horregaitik diot lan honek saiakera kutsua duela.

Diskoa Ahotseneako taula gainean interpretatuko duzu. Zer eskainiko duzu bertan?
Hilaren 6an egongo gara han, 11:00ean. Bertan, Poliedroa bere osotasunean erakutsiko dugu. Hau da, bakarkako zatitxo bat egongo da. Trio formako parte bat ere eskainiko dugu, eta, azkenik, efektu-pedalekin egindako beste zati bat eskainiko dugu. Azken hau koreografiekin eta dantzariekin lagunduta. Horrez gainera, disko-liburua eskuragarri egongo da Forbidden Colours diskoetxearen standean.

'Poliedro Vol. 1' horrek zati gehiago etorri daitezkeela iradokitzen du. Bigarren bolumena, hirugarren bolumena...
Ez dakit. Argi dudana da hurrengo proiektua ez dela Poliedro Vol. 2 izango. Hau nire bizitzako tarte konkretu batean biolontxeloari atera dizkiodan ertz edo aurpegi ezberdinak dira. Beharbada, hemendik eta sei urtera aldatu egingo dira nire bizi esperientzia eta esperientzia musikala. Hori espero dut. Eta baliteke biolontxeloa bestelako perspektiba batzuetatik ikustea. Bestelako hausnarketa batzuk egitea. Atea zabalik dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!