“Lana kontzientzia hartze bat lez deskribatuko nuke, norberak munduan hartzen duen lekuaren ingurukoa"

Maialen Zuazubiskar 2021ko abe. 4a, 12:00

Leire Vargas Nietok (Durango, 2002) 'Dena ametsa den irudipena' poema liburua kaleratu du. Vargasek abenduaren 5ean aurkeztuko du liburua, 17:00etan, Ahotsenean. 

'Dena ametsa den irudipena' poema liburua kalean da jada. Zelan zaude?
Pozik nago, sinetsi ezinda oraindino. Joan zen astean jaso nuen lehenengo mezua. Lagun batek bidali zidan, irakurri zuela eta gustatu zitzaiola. Oraindino zer gertatuko zain nago, jendearen erreakzioa ikusteko eta aurkezpenak egiteko. Urduritasun puntu bat sentitzen dut, baina orokorrean pozik nago, ilusioz gainezka.

Zuretzat zer suposatzen du poema liburuak argia ikustea?
Lan honegaz denbora asko eman dut bueltaka. Une batzuetan oso motibatuta egon naiz eta beste batzuetan, ostera, batez ere saria jaso aurreko hileetan, ez nengoen oso ziur. Ez nekien lanak benetan merezi zuen ala ez, ez nekien inora heltzeko modukoa zen. Baina orain halako berme bat da, horretan berriro sinisteko bultzada bat, zelanbait esateko.

Oso lan pertsonala da, nahiz eta baduen fikziotik eta abar. Gai batzuk ni bete-betean harrapatzen eta zeharkatzen nautenak dira. Gogoz nago jakiteko jendeak zein erreakzio duen horren aurrean, ea interpelatuta sentitzen diren ala ez.

Zer da 'Dena ametsa den irudipena'?
Kontzientzia hartze bat lez deskribatuko nuke. Kontzientzia hartze bat, norberak munduan hartzen duen lekuaren ingurukoa, hainbat zentzutan. Alde batetik, konturatze bat, fisikoki hartzen dugun espazioarena eta gure fisikotasunak, gure itxurak, eta gorputz gizaki izateak suposatzen duenaren ingurukoa. Eta horrek zeintzuk limitazio eragiten dizkigun eta horren bueltan guk zer indar daukagun, eta zer ezin dugun aldatu. Lehenengo atala horren inguruko gatazka bat da.

Bigarren atala ere kontzientzia hartze bat da, baina ideologiari loturikoa gehiago. Munduan gertatzen dabilenaren aurrean ea nik zein iritzi daukadan. Ez dago inondik inora ere aldarri potolo edo esplizituz beteta. Baina nire txikitik eta nire ikuspuntutik, ikusten ditudan gauzen inguruko galdera batzuk egiten ditut.

Hirugarren atala hartu-eman interpertsonalen ingurukoa da. Azkenean, neurri handi batean, besteen menpe bizi garela, eta ez dagoela gure esku besteek zelan jokatuko duten guganako. Horrek sortzen dituen gatazken inguruan berba egiten dut azken atal horretan.

Irun Hiria sariketan saria irabazita kaleratu duzu poema liburua. Saria akuilua izan da liburua kaleratzeko?
Banuen asmoa edo nahia lana kaleratzeko. Baina aurretik ezezkoren bat ere jasota nuen lana argitaratzeko, eta horrek eragina izan zuen nigan, txarrerako. Ezezkoaren ondoren, zalantzan ipini nuen neure burua, eta zalantzan proiektua bera. Proiektua, batez ere. Eta esango nuke baztertu egingo nuela tarte luze baterako. Baina sariak bultzada eman dit eta horixe izan da bidea argitaratzeko. Aurrera begira ere, berme lez hartu gura nuke, neure buruarengan sinesteko batez ere, eta neure buruari esateko banabilela zerbait zentzuzkoa sortzen eta egiten, motibazio lez.

Zure lana eskuragarri egongo da Durangoko Azokan, eta, gainera, Ahotsenean aurkeztuko duzu. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Liburua Durangoko Azokan egotea ametsa da niretzat. Gainera, hain gazterik. Oso zorteduna sentitzen naiz aukera hori izateagaitik. Durangoko Azoka oso hurbileko sentitzen dut. Idazle izan gura nuela pentsatzen nuenean, argi neukan Azokako stand baten barruan egon gura nuela eta liburuak aurkeztu gura nituela. Batez ere azken urte hauetan izan dut pentsamendu hori buruan bueltaka, idatzi egin gura nuela, idazle sentitu gura nuela. Kontzientea nintzen irakurlea nintzela, irakurtzea maite dudala, baina idaztearen kontu hori ere beti izan dut buruan. Eta, begira, alde batetik behintzat bete dut amets hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!