Ume baten inguruan egunero-egunero dauden soinu txikiei erreparatu diezue. Oharkabean pasatzen diren soinuei erreparatzeko ahalegina da liburua?
Poema liburu bat egin ahal izateko hurrenkera bat, lotura bat zeukan kontakizuna landu gura izan dugu. Ume ala heldu izan, esnatzen garen unetik lotara joaten garen arte zarata, soinu eta hots ugari dugu inguruan. Euretariko batzuetan belarria ipintzen dugu; beste batzuetan, ez hainbeste. Entzun entzuten ditugu soinuak askotan, baina ez diegu kasurik egiten. Beraz, aitzakia ezin hobea zen esnatzen garen unetik, begiak zabaltzean sortzen den soinutik abiatu, eta giharrak tenkatzean, komunera joaterakoan, kamiseta bat janztean edo gosaltzean egiten ditugun soinu eta zaratei erreparatzeko. Berdin aipatzen ditugu eskolara bidean sentitzen dugun haizearen soinua, ahotik doakigun lurrunarena. Eta berdin arkatzak paperaren kontra egiten duen soinua. Baina ez hori bakarrik. Badira ideien zarata, dezepzioaren zarata, muxuen zarata. Beste hainbat zarata ume hori esnatzen denetik lokartzen den arte. Poema bakoitzean irudi bat ikusiz soinu bat entzutea izan da asmoa. Horretarako, ilustrazioagaz jolas egin dugu.
Geroago eta digitalagoa den munduan, umeei teknologiarik bako esperientzia sentsorial bat eskainiko ote die liburuak?
Azken finean, poesiaren baliabide bat hori da. Pertsona bat pentsatzera eramatea, bere barrura begira ipintzea eta bere buruagaz egotea. Liburuek papera ematen digute, baina, gero, irakurlea aktiboa izan behar da. Irakurle bakoitzak bere ariketa propioa egin behar du.
Jarraitu duzue metodologiarik soinu txiki horien aukeraketa egiterakoan?
Eguna hamar kapitulutan banatu dugu. Honako hauek dira ataletariko batzuk: esnaera ixo, gosariko soinuak, arropen durunda, kalean punk edo etxeko zaratotsak. Hurrenkera horretan sartu ditugu. Horrek ere lagundu dit liburuari forma ematen.
Zelakoa izan da Maite Mutuberriaren eta zure arteko elkarlana? Zelan batu dituzue atal bi horiek?
Oso pozik nago berriro ere beragaz lan egin dudalako. Bion arteko elkarrizketa moduko bat izan da. Nik neure ideia planteatu nion. Poema bat bidali nion, kaligrama bihurtuta. Eta berak beste kaligrama bategaz erantzun zidan. Beraz, bion arteko elkarrizketa bat izan da. Berak kaligramak edo ilustrazioak sortu ditu poemekin. Poema bakoitzagaz soinu bat ikusarazten ahalegindu da Maite.
Xabier Zabala musika konpositoreak ere ipini du bere aletxoa. Testuez eta irudiez osatuta egotetik aparte, lanean musika ere badago entzungai.
Bai, Xabi Zabalarena azken ginga baten modukoa izan da. Xabi aurretik ezagutzen nuen. Komentatu nion ideia, soinuena. Eta iruditu zait konplize ezin hobea izan dela. Nik berbaz eman dut soinua, Maitek irudien bitartez, eta, horrez gainera, Xabik bere esperientzia propiotik sorturiko soinu banda egin du. Irakurleak QR kodea eskaneatuta entzun ahal izango du musika.