Durangoko Udalak bi egitasmo ipiniko ditu martxan, laster. Batetik, Komertzioetako Bonuen kanpaina. Abenduan egingo dutena. Eta, bestetik, dendetako erakusleihoen lehiaketa. Bigarren egitasmo hau udal gobernu taldeak eta EAJk hitzartu zuten 2021eko aurrekontuetan. Udalak ez ditu oraingoz egitasmoaren xehetasunak eman, baina EAJk ohar batean aurreratu du "laster" jakinaraziko dituztela oinarriak. Talde jeltzaleak esan du egitasmoa abenduan egitea proposatu duela. Lehiaketaren irabazleak 1.500 euro poltsikoratu lituzke; 1.000 euro bigarrenak; eta 500 hirugarrenak. Aipamen berezian sariturikoak 300 euro jasoko lituzke. Mireia Elkoroiribe bozoramaile jeltzaileak "garrantzitsutzat" jo du egitasmoa, "saltokien eta haien produktuen sormena sustatzeko", eta baita Durango "herritarrentzat eta bisitarientzat erakargarriagoa" izateko. Egitasmoagaz tokiko eta gertuko merkataritza bultzatuko dutela berretsi dute bai udal gobernu taldeak eta baita EAJk ere.
Komertzio Bonuetan inskribatzeko epea, zabalik
Komertzio Bonuen hurrengo kanpaina abenduan egingo dute. Establezimendu bakoitzak 15 euroko 200 bonu onartu ahal izango dituzte gehienez. Kanpainara atxiki gura duten negozio berriek Herritarrentzako Arreta Zentroan aurkeztu beharko dute dokumentazioa. Horretarako, hitzordua eskatu beharko dute aldez aurretik, 639580023 telefono zenbakira deituta edo whatsapp mezua idatzita. Deialdiaren oinarriak datozen egunetan publikatuko dituzte Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Iraileko kanpainan parte hartu zuten dendariek ez dute dokumentazioa berriro ere aurkeztu beharko Durangoko Udalak 72.000 euro bideratu ditu merkataritza bonuen kanpainetara. Horrez gainera, beste 35.000 bideratu ditu Gastrobonuetara. Udal iturrien berbetan, bonuetan egindako inbertsioak 286.000 euroko eragin ekonomikoa izandu ostalaritzan eta merkataritzan.