40 artelanetik gora egongo dira ikusgai 'Mari Puri Herrerorekin elkarrizketak' erakusketan

Aritz Maldonado 2021ko abe. 2a, 12:54

35 urtez Durangoko Arte eta Historia museoaren biltegian gordeta egon ostean, Mari Puri Herreroren 40 artelan baino gehiago ikusi ahalko dira barikutik aurrera. Batez ere, grabatuak ikusi ahalko dira, baina marrazkiak eta liburu/albumak ere egongo dira ikusgai. Mari Puri Herrero Bilboko Aste Nagusiko ikurra den Marijaiaren egilea da .

Durangoko museorenak diren 40 artelanez gainera, 90-00.eko hamarkadetan egindako bederatzi grabatu ikusi ahalko dira; lan horiek Herrerorenak dira. "Erakusketak oso itxura ona du, eta oso pozik nago hona itzultzeaz". Aurretik, beste bi biderretan egin ditu erakusketak Durangon Herrerok, 1982an eta 1986ean, hain zuzen ere. "Bazen garaia biltegian eduki ditugun obra horiek ostera kalera ateratzeko, erakusteko; izan dadila omenaldi berezi bat bere bizi osoa arteari eskaini dion Mari Puri Herrerori", azaldu du Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak. Inma Garrastatxu Durangoko alkateak ere artistak herriarentzako duen garrantzia nabarmendu du. "Durangon Jantokia koadroa dugu aspalditik ikusgai, pozgarria da orain beste lan guztiak ikusi ahal izatea, baita ere". 

Mari Puri Herrerok Madrilen, Parisen eta Amsterdamen jaso zuen heziketa, besteak beste. 

Ordutegi berezia

Durangoko Azoka dela baliatuta, ordutegi berezia edukiko du museoak, eta domekan eta astelehenean ere zabalik egongo da. Horrez gainera, sei bisita gidatu egingo dituzte 'Mari Puri Herrerorekin berbetan' erakusketa eta Herreroren ibilbidea hobeto ezagutzeko. Euskarazko bisitak abenduaren 15ean (18:00etan eta 19:00etan), urtarrilaren 12an (18:00) eta urtarrilaren 26an (18:00) izango dira; gaztelerazkoak, ostera, 16an, urtarrilaren 13an eta urtarrilaren 27an izango dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!