Bizi dugun egoerak zaildu egin du aurtengo Saguganbararen antolaketa?
Egia esan, azken momentura arte ez. Ohiko Azoka baten lez antolatu dugu guztia, eta neurri berriak etorri direnean moldatu dugu moldatu beharrekoa.
Neurri bereziak hartu behar izan dituzue. Zeintzuk?
Aipagarriena aforo murrizketa izan daiteke. Aurkezpen bakoitzeko, 100 lagun sartu daitezke Saguganbarara. Ondoren, gela hutsitu, aireztatu eta hurrengo taldeari emango zaio sarrera. Musukoa derrigorrezkoa da 6 urtetik gorakoentzat, eta gomendagarria guztientzat. Aretora sartu aurretik eskuak desinfektatu behar izango ditugu, eta aretoan bertan segurtasun distantziak mantendu eta eserita egon beharko dugu.
Egitarauari dagokionez, zein planteamendu egingo duzue aurten?
10:30etik 11:30era tailerrak egongo dira. Ondoren, liburuen aurkezpenak, ipuin kontalariak, musikariak… ikusi eta entzuteko aukera izango dute bisitariek. Eguerdi partean, 13:30etik 15:00etara irakurketa librerako gunea izango da eta urte honetako argitalpenak eta aurreko urteetako liburu gomendagarriak kuxkuxeatzeko aukera izango duzue.
Izena eman beharko da parte hartzeko?
Ez da izena eman behar, baina Saguganbarak edukiera mugatua izango duenez aurkezpen bakoitzerako, ilaran itxaron beharko da antolatzaileek sartzeko esan arte.
Hainbat liburu aurkezpen aurreikusi duzue. Zeintzuk dira aipagarrienak?
15 liburu aurkezpen aurreikusten ditugu. Denak dira aipagarriak, sortzaileek dedikazioa, mimoa eta maitasun handia ipintzen diotelako euren lanari. Baina bat esan behar badut, Amaia Egidazu durangarraren Dorotea ipuin ilustratua esango nuke. 2021. urteko Etxepare saria irabazi du.
Tailerrak ere prestatu dituzue. Iñaki Saezena eta Eñaut Aiartzaguenarena zelakoa izango da?
Argiak martxan ipinitako Xapoketan egitasmoaren barruan atera dute puzzle hau eta jolasaren bitartez bertako animaliak ezagutzea du helburu. 100 piezako puzzlea eginez, zein ugaztun, arrain, anfibio, narrasti eta ornogabe bizi diren eta zehatz-mehatz non aurkitu ditzakegun ikasi ahal izango dute bertaratzen diren haur eta familiek.
Eta Itsaso Pagoagaren tailerra?
2tik 5 urtera bitarteko haur eta familientzako jolas tailerra izango da. Tailer honen bitartez, familian euskaraz jolasteko baliabide eta materialak ikusi, ikutu eta probatzeko aukera egongo da. Tartean, mahai jolasak, jolas sinbolikorako materialak, argiagaz esperimentatzekoak eta abar izango dira eskuragarri.
Areto Nagusian Iñigitoren emanaldia izango da. Zertan datza?
Iratxoen kantu sekretuak magiaz beteriko ikuskizun musikala da. Bertan, animazioa, zuzeneko musika, dantza eta naturaren misterioz beteriko kontakizunak uztartzen dira. Iñigito Txapelpunk-en eta basoko iratxoen eskutik haurrentzat sorturiko eta magiaz beteriko ikuskizun musikal batean barneratuko gara. Eta, bide batez, iratxoekin kantuan eta dantzan, natura eta ingurumena zaintzeak dakarren onuraz jabetuko gara.