Zelan bururatu zitzaizun proiektu hau martxan ipintzea?
Beti pentsatu izan dut honelako liburu bat beharrezkoa dela. Nik neuk edo besteren batek idatzita, baina beharrezkoa. Bonbardaketaren oso lekuko gutxi geratzen da bizirik. Datozen hamarkadetan baten batek bonbardaketa aztertu gura badu, liburu honen moduko iturri bat beharko du. Badaude bideoak, baina ez dago lekukotzekin bakarrik osaturiko libururik. Hauxe da lehenengoa.
Zein formatutan egingo duzu Azokako aurkezpena?
Nigaz mahaian Euskal Herriko aktorerik onena egongo da, Juanjo Otero iurretarra. Bera izango da moderatzailea. Ametsa litzateke liburuko protagonistetariko bat presente egotea, baina badakit ez dela erraza. Aurpezpena laburra izango da eta datorrenak liburua erosteko aukera izango du. Une hori partekatzea plazera izango da, Mankomunitateko standean egileei ez digute egoten uzten eta. Liburuaren aurkezpena Musika Eskolako aretoan izango da, eguaztenean, 12:00etan. Aurten, aurkezpen asko han egingo da.
Bonbardaketaren 31 lekukotza jaso dituzu. Elkarrizketa formatuan?
Ez dira elkarrizketak. Erreportajeak dira. Kazetaria naiz eta beti gustatu izan zait genero hau. 31 kapitulu dira eta 40 bat biografia. Moduren batean, azken mendean Durangok bizi izan duen egun odoltsueneko bizitza gurutzatuak dira. Masakre bat. Editorialak dio liburu “hunkigarri eta baliotsua” dela. Ados nago.
Noren testigantzak agertzen dira? Aurretik jasorikoak dira?
Gehienak oso pertsona ezagunak dira Durangon. Kazetari legez bete ditudan 31 urte hauetan jasoriko biografiak interesgarriak dira. Baten bat ezaguna da, egin ditudan film laburrengaitik.
Lekukoen argazkiak ere zeuk atera dituzu?
Batzuk nireak dira. Bi orrialdetara dagoen argazki bat argitaratu bakoa da. Frantzian bizi den emakume batek utzitakoa da. Marina Fusterri eskerrak eman gura dizkiot. Kurutziaga ikusten da. Anzola familia ere eskertu gura dut, Eusko Jaurlaritzak Durangora bidali zuen gudari hark ateratako argazkiengaitik. Argazki horiekin erakusketa egin genuen orain hile batzuk.
Zein garrantzia dauka bonbardaketaren inguruan bizitakoa belaunaldi berriei transmititzeak?
Berebizikoa. Ezin dugu ahaztu. Bonbardaketaren lekukoak desagertzen direnean ezin da ahanzturan geratu. Biztanleriaren %5 hil ziguten. Gure seme-alabak bakean hezi behar ditugu, baina gertaturikoa gogoratuz eta ezagutuz, berriro gertatu ez dadila bermatzeko. Ikasleei berbaldiak ematen dizkiet, gudarien moduan jantzita, Esteban izenagaz. Horrela deitzen zen nire aitita, Enlaces y Transmisiones batailoiko milizianoa. Estimatzen dute mezua. Antifaxista modura autokalifikatzen dira. Gura nuke beti horrela izatea. Beti horma bat faxismoaren aurka.