Ezin izan da murrizketarik bako Azoka antolatu. Ordu eta erdiko bost txanda egongo dira, egunero; eta, gehienez, 1.200 bisitari batu ahalko dira aldi berean Landako Gunean. Zelako erantzuna itxaroten duzue?
Hitzordua hartzeko sistema astelehenean ipini genuen martxan, eta jendea hasi da eguna hartzen. Azokan eta Ahotsenean, txanda batzuetako sarrerak agortuta daude, baina oraindino badago lekua. Beraz, jendea hitzordua hartzera animatu gura dugu durangokoazoka.eus atarian. Gerta liteke sarrera hartuta izatea eta dena delako arrazoiengaitik etorri ezin izatea. Bada, herritarrei eskatzen diegu hori gertatuz gero berehala jakinaraztea. Hartara, berriro aktibatuko ditugu leku horiek besteren batek hartu ditzan; 1.200 lagunentzako edukia dugu; bete dezagun dena. Azokan, eta Plateruenean sartzeko ere erabiliko da sistema hori. Azokan osasun neurriak betetzeak eta herrian egun hauek era jasangarrian igarotzeak arduratzen gaitu. Etorri gura duenak sarrera hartu eta datorrela lasai. Baina sarrerarik ez duena Azoka bisitatzeko asmoz behintzat ez dadila etorri. Herrian betekada ikaragarria ez gertatzeko, halako muga bat ipini dugu, jakin arren jende asko egongo dela. Arduraz jokatzea eskatzen dugu, eta Azoka bisitatzerakoan eta herrira joaterakoan ere osasun neurriak betetzea.
Ezinbestekoa ikusi duzue aurrez aurrekoari eustea.
Iaz, Internet bidezko Azoka asmatu behar izan zen, eta horri eskerrak TaupaDa sortu zen. Azoka digitalak salmentak bermatzen ditu, bai, baina Durangoko Azoka hori baino gehiago da. Euskal kulturaren agerraldi masiboa da, euskal kultura existitzen den froga ebidentea. Era kolektiboan egindakoa, komunitate zabal baten zentzua ematen duena. Bost egunez jendartearen eskura dagoena, ikusteko, ukitzeko. Hori guzti hori aurrez aurrekoak bermatzen du. Horrexegaitik, pauso bat aurrera egin eta aurrez aurreko Azoka lortzea izan da helburua aurten. Pauso hori ez da gura genuen bestekoa izan, ez da posible izan. Baina datorren urtean betiko Azoka izango dugun esperantzagaz emandako pausoa da, gaurkotuta egoten jarraitzeko modu bat.
Ahalegin berezia egin da gune guztiak zabadu daitezen.
Guneek liburuetan eta diskoetan dagoena bizitzeko eta hobeto ezagutzeko aukera ematen dute, artista berriak ezagutzeko edo gogoko dugun hori sakonago ezagutzeko, musika emanaldiez disfrutatzeko. Azokak bide hori hartu du azken urteetan, eta oso argi dugu horrela izan behar duela. Azoka ezin da saltoki soila izan. Egunotan, 250 aurkezpen egongo dira; asko dira. Egitaraua arakatzeko gonbita egin gura dugu, altxor mordoa dago eta.
Azoka bi egongo dira, sarekoa eta aurrez aurrekoa. Gune digitalekoa betiko geratuko da gure artean?
Ez dakigu. Ikusi beharko dugu kulturzaleen jokabidea, zenbat geratu diren etorri ezinik edo ia txanda guztiak betetzen diren. Azoka itxi ondoren, balorazioa egin beharko dugu, eta ikusi datorren urtean ere Internet bidezko denda egongo den ala ez. Aurten, stand-ak eurak izango dira sareko dendaren biltoki. Egunean zehar saldurikoa jasoko dugu egunero, paketeak egin eta biharamunean ateratzeko. 24 orduan gelditu barik egongo da Azoka. Internetez izate horrek aurkezpenak zuzenean egitea ere badakar. Aurretik ere, Ahotsenean zuzenean izan dira kontzertuak. Baina iaz ahalegin berezia egin zen. Horri eutsi zaio, eta streaming kate bi egongo dira emititzen. Ondo baloratu behar da, lan karga ikaragarria da eta.
Zelan hartu dute proposamena argitaletxe, diskoetxe eta kultur eragileek?
Uztailean erabaki genuen aurrez aurrekoa berreskuratzea, eurekin batera. Eta, orain hile eta erdi denon buruan zegoen ez zela aforo mugarik egongo. Azken momentuan 1.200era mugatzeak kezkatu ditu. Erantzunagaz oso eskertuta gaude; 219 erakusmahai egongo dira.