Harrera egin diete Durangon Kobanetik iritsitako emakume siriarren ordezkaritzari

Aritz Maldonado 2021ko aza. 30a, 15:04

Nariman Evdikek, Rawda Hasanek eta Manal Mohammadek osatzen dute ordezkaritza. Bi herrien arteko lotura indartzea da bisitaren helburua. Harrera ekitaldian Ima Garrastatxu Durangoko alkateak, Julian Rios alkateordeak eta Egoitz Garmendia Otxandioko alkateak parte hartu dute. Suargi, Gerediaga, Aranzadi eta Durango 1936 elkarteetako kideek parte hartu dute, besteak beste. 

2017. urteaz geroztik seniduta daude Durango eta Kobane. Horrez gainera, 2018an Suargi elkarteak bideratuta emakume durangar talde bat egon zen Kobanen bertan Emakumeen Akademia bertatik bertara; Durangoko Udalak diruz lagundu du eraikin honen eraikuntzan. Hain zuzen ere, senidetze horretan sakontzeko helburuagaz egin dute Durangorako bidaia. Rawda Hasanek hartu du berba ordezkaritzaren izenean; Hasan Qamixliko alkatea (Autoadministrazioko hiririk handiena) izan zen, eta egun Jazirako kantoiko Kultura ministroa da. "Ilusioa egin digu zuen herria ikusteak. Bonbardaketaren ostean zuen herria berreraiki behar izan zenuten, eta zuek egin zenuten bezala, guk ere berreraikiko dugu. Gure herriaren historia idazten ari gara une honetan, gure ondorengoek ezagutu dezaten", azaldu du. Nazioarteko herrien aitortzak duen garrantzia nabarmendu gura izan du Hasanek, baita ere. "Odol asko isuri da gure herrian, eta borroka hau aitortzea oso garrantzitsua da guretzako. Elkartasun internazionalista hori oso garrantzitsua da guretzako". Nariman Evdike Siriako Ipar eta Ekialdeko Idazle eta Intelektualen Batasunaren presidentea da. Bestalde, Manal Mohammad Kongreya Star - Siria eta Ipar Ekialdeko emakume erakundeak batzen dituen antolakundea- batzorde diplomatikoko kidea da. 

Hain zuzen ere, herrien arteko harremanetik asko ikasi daitekeela azpimarratu dute ordezkari politikoek. "Hamar urteko gerraren ostean, zuek ere elkarbizitzaren aldeko lanean zabiltzate. Horrez gainera, gutxiengoak eta emakumeak ardazten dituzten politikak egiten dituzue. Hori txalotzen dugu, eta guretzako ere oso baliagarria dela iruditzen zaigu", azaldu du Ima Garrastatxu Durangoko alkateak. Julian Riosek bisita demokrazia parte hartzailean sakontzeko baliagarria izango dela uste du. Garmendiak, bestalde, elkartasuna adierazi die. "Horrelako esperientzia traumatiko batetik ikasi egin daiteke. Txarrenenetik onena ateratzen ikasi dugu gurean".

 

Suargi elkartetik Esther Martin kideak hartu du berba, eta bisitak egiten dien ilusioa nabarmendu du. Horrez gainera, 2018ko bisita gogoan izan du. "Zerotik hasita, proiektu sozial bat sortu daitekeela ikusi genuen bertan, berdintasuna ardatz duena. Zerotik, jendarte parekide bat sortu daitekeela ikusi genuen". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!