Sarek "kezka eta ardura" adierazi dituzte. "Bakearen eta konponbidearen aldeko hautua egin genuen Euskal Herrian, baina oraindik badira bide horretan oztopoak jartzen tematzen direnak. Duela hamahiru urte indarrean zeuden legeek eta mekanismoek Madrilen funtzionatzen jarraitzen dute egun, eta salbuespen egoera aspaldi bukatu beharreko zerbait dela salatzen jarraituko dugu", azaldu dute ohar baten bidez. Horrez gainera, epaiketarako Madrilera eraman behar izatea ere salatu du Sarek. "Bidaia egiteko baldintzak muturrekoak izan ohi dira: polizia kotxeetan eskuburdinak jarrita ordu asko, Madrilera heltzeko Estatuko zenbait kartzelatan geldialdiak… Sarritan senideek, presoa non dagoen jakin barik igarotzen dituzte zenbait egun. Hau gutxi balitz, bizi dugun egoerak ez du presoaren ongizatea bermatzea laguntzen; izan ere, lekualdaketak daudenean, presoek berrogeialdia egin behar izaten dute. Gainera, isolamenduan egoteko aukerak asko areagotzen dira. Honen ondorioz, beraien senideekin komunikatzeko aukerak askoz gehiago murrizten dira". Adin txikikoak diren bi seme-alaba eta adineko gurasoak dituela azpimarratu du, baita ere, Sarek.
Azken hilabeteak Martuteneko espetxean egin ditu Iurdan Martitegik.