"Makillajeak sormena beste modu batera esploratzeko aukera eman dit"

Anboto 2021ko aza. 28a, 20:00

Aridane Elgezuak (Durango, 2000) artista autodidaktatzat du bere burua eta argi du 'body painting'-ak sormena garatzeko bide berri bat zabaldu diola. Konfinamenduan hasi zen makillaje artistikoaren munduan murgiltzen, eta probak eginez ikasi du. Makillajea zaletasuna da berarentzat, eta dantza pasio. Aurten, Arte Eszenikoak eta interpretazio erdi-mailako gradua ikasten hasi da Malagan.

Karakterizazioak sortzerako orduan, zein prozesuri jarraitzen diozu?
Paper zuri batean neure aurpegia margotzen dut lehenengo eta, gero, egin gura dudanaren bozeto txiki bat marrazten dut. Karakterizazioaren araberakoa da, baina bularraldetik hastea gurago dut, eta aurpegiagaz amaitu. Lehenengo, atzealdea egiten dut, eta gero detaileekin jarraitzen dut: irudia arkatz zuri bategaz marrazten dut, erraz lausotzen delako, erraz kamuflatzen delako. Gero, atzealdea eta itzalak margotzen hasten naiz. Irudi guztia delineatzen dut gero. Bularraldea amaitzean, aurpegiagaz hasten naiz. Osagarriak dira azkenak.

Zeure kabuz ikasi duzu?
Batez ere, probak eginez ikasi dut. Hala ere, badaude material batzuk inoiz erabili ez ditudanak; adibidez, makillajerako itsasgarri bereziak. Horiek zelan erabili ikasteko, Internet baliatu dut. Pazientzia handia eta eskua behar dira. Materiala ondo zaintzea ere garrantzitsua da.

Zer da zuretzat ‘body painting’-a?
Zaletasuna. Gura dudalako eta gura dudanean egiten dut, eta sormena modu desberdin batean esploratzeko aukera eman dit. Eskulanak asko gustatzen zaizkion pertsona sortzailea naiz, eta, alde horretatik, makillajeak sormena garatzeko aukera eman dit. Gainera, konfinamendua oso atsegina egin dit, lar atsegina (barrez). Makillaje bakoitzerako 6-7 ordu behar ditut, gutxi gorabehera, eta konfinamenduan asko eskertu dut karakterizazioak egitea. Gainera, konturatu naiz uste baino gauza gehiago egiteko gai naizela; guk geuk mugatzen dugu gure burua askotan. Askatasun hori ere eman dit ‘body painting’-ak.

Zerk inspiratzen zaitu?
Ideia asko ohean sortu zaizkit, lo hartzeko nagoela, baina lagunek esandakoekin ere sortu ditut. Eskari zehatzak ere egin ditut. Muralen bat ere egin dut. Adibidez, Van Gogh-en Gau izartsua koadroa egin dut. Bularraldean margotu nuen, baina aurpegia ere karakterizatu nuen.

Zein izan da egin duzun lanik gatxena?
Tximeletarena. Lehenengoetarikoa izan zelako. Osagarriak zituen eta erabilitako material batzuk lehenengoz hartu nituen. Bekainak estaltzen nituen lehenengo aldia zen.

Pentsatu duzu inoiz gorputz osoa margotzea?
Bai, baina boluntario bat beharko nuke. Ondo antolaturiko zerbait izan beharko litzateke, diseinu on bategaz, denboragaz. Pertsona bigaz mural bat egitea ere pentsatu dut.

Zein erreakzio sortu ditu zure lanak?
Harridura. Niretzat mihise bat margotzea lakoa da. Mihise galkor bat, makillajea uragaz badoalako, ez diolako egun bat baino gehiago eusten. Askotan pena handia ematen dit makillajea kentzea, hainbeste denbora eman eta gero.

Ogibide bihurtzea gura zenuke?
Eszenatokia gustatzen zait, kameraren aurrean egotea, ez atzean. Makillatzen dutena izatea gustatuko litzaidake. Gainera, makillaje lana gutxietsita dago. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!