Pandemiak baldintzaturikoa izango bada ere, Beñat Gaztelurrutia Gerediagako kudeatzailea itxaropentsu agertu da Durangoko Azokaren 56. edizioaren atarian. "Erabakia hartu genuenean, bagenekien testuingurua aldakorra izango zela, baina pozik eta kementsu gaude aurtengo ediziorako". Hain zuzen ere, aurrez aurrekoa izango da ostera Durangoko Azoka. "Euskal kultura ukigarri eta ikusgarri egiten duen ekitaldi masiboa da Durangoko Azoka, ekintza kolektiboa ere, bai, eta inportantea zen aurrez aurrekoa berreskuratzea". 219 erakusmahai batuko dira Landako Gunean. Bertan, 900 kultur nobedade aurkeztuko dituzte: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta 77 bestelako. Hauek online dendan ere erosi ahalko dira abenduaren 3tik 7ra bitartean.
Arduraz jokatzeko deia
Arduraz jokatzeko deia egin dute, beste behin, Gerediagatik. "Zorrotz beteko ditugu neurriak, baina ez dagokigu guri bakarrik hori egitea. Bisitariek, eta partehartzaileek ere neurriak bete beharko dituzte". Musukoa derrigorrezkoa izango da ekitaldi guztietan, baita Landako Gunean ere bai. Horrez gainera, deia egin dute jende pilaketak dauden lekuetan ere musikoa jartzeko.