Durangoko Azokara sartzeko egunean bost txanda egongo dira

Anboto 2021ko aza. 23a, 11:01
Iazko Durangoko Azokako irudia.

Egunean, bost txanda egongo dira Landako Gunera sartzeko; gehienez, 1.200 bisitari batu ahalko dira aldi berean, eta bisitak ordu eta erdikoak izango dira. Erreserba beharko da sartzeko Landako Gunera, eta Plateruenako kontzertuetara sartzeko. Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokituko dute 56. Durangoko Azoka. 

"Kulturaren alde egitea eta osasun neurriak betetzea gauza bera dira", adierazi dute Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak ohar bateratu batean. Beraien berbetan, Azokaren "lehentasun nagusia" bisitarien eta kulturzaleen segurtasuna bermatzea izango da. Honenbestez, Durangoko Azokako jardueretan parte hartzeko derrigorrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Horretarako propio sortuko dute erreserba sistema, Durangoko Azokaren webgunean.

Azoka bisitatzeko ordutegia, 10:00etatik 20:00etara izango da, eta bisitariek ordu eta erdiko bisita egin ahalko dute. Ostean, Landako Gunea hustu egingo da, hurrengo txandakoei lekua egiteko. Esan bezala, egunean bost txanda egongo dira Landako Gunera sartzeko. Aurrez aurreko Durangoko Azoka abenduaren 4tik 8ra izango da. Online bidezko denda, ostera, abenduaren 3tik 7ra egingo da. 

Plateruenan egongo den Ahotsenea gunean 50 kontzertu egingo dituzte abenduaren 4tik 8ra. Hemen ere erreserbatu egingo beharko da sartzea. Gerediagak eta Durangoko Udalak bertan ostalaritza zerbitzurik ez dela egongo azpimarratu dute. 

"Arduraz jokatzeko deia"

Durangoko Udalak eta Gerediaga elkarteak Durangora hurbiltzeko asmoa duten kulturzaleei osasun neurriak errespetatzea eskatu diete ohar berean. "Durangoko Azokak herri guztia barnebiltzen du, eta Durangoko kaleetan ere nahitaezkoa da segurtasun neurriak betetzea, guztion hobebeharrez".

Ima Garrastatxu alkateak Durangora etorriko diren bisitari guztiei arduraz jokatzeko eskatu die. "Izan ere, Azoka ez da Landako Gunera bakarrik mugatzen. Azoka Durango osoa da. Eta durangarrekiko errespetuz jokatzeko eskatzen dizuegu. Durangok euskal kulturaren ateak irekitzen dizkizuen bezala, Durangorekin arduraz jokatzea eskatu gura diegu bisitariei", esan du alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!