Biharkoa estreinaldi bikoitza izango da. Mar-Mar teatrok lehenengoz aurkeztuko du jendaurrean bere ibilbideko lehenengo obra. Irailetik, goiz eta arratsalde entseatzen dabiltza eta eszenatokira igotzeko "desiratzen" daudela adierazi du Igor Iglesiasek, antzezlaneko ekoizle eta soinu arduradun durangarrak. "Obra lantzean sentitu dugun ilusio hori ikusleekin partekatzeko gogoa dugu", gehitu du.
Adin guztietakoek gozatzeko antzezlana da. "Umorea, drama apur bat, abentura asko… denerik egotea gura genuen eta ordubetean bidaia itzela proposatzen du obrak", azaldu du Iglesiasek.
Lanketa kolaboratiboa
Konpainiaren lehenengo proiektuak Edgar Rice Burroughs idazlearen eleberrietako pertsonaia ezagunaren bizitzako interpretazio propioa kontatzen du eta lanketa kolaboratibo bati eskerrak ondu dute. Jose Carlos García eta Kide Díaz de Rada portugaldarrak dira obraren zuzendaria eta gidoilaria, hurrenez hurren. Aspaldiko hartu-emana dute Garciagaz, eta uztailean Portugalera joan ziren proiektua lantzera. "Zerotik hasi ginen. Zer eta zelan kontatu, orduan erabaki genuen, inprobisazioen bitartez sarritan. Berdin gidoiagaz. Ez genuen gura beste batek sorturikoa guk egokitzea. Hasieratik gure sorkuntza izatea gura genuen", gogoratu du.
Hainbat emanaldi
Zornotzakoaz gainera, Durangaldean beste emanaldi bi dituzte lotuta oraingoz: abenduaren 3an Berrizen, eta abenduaren 19an Durangon. Antzezlana euskaraz nahiz gaztelaniaz landu dute. Zornotzakoak euskaraz izango dira; gaztelaniazko estreinaldia Santurtzin egingo dute, domekan.
Gorakada antzerki taldean ibilitako kide batzuek sorturiko proiektu berria da Mar-Mar teatro. Durangaldeko hainbat kide dabil bertan.