Gregorio Vicario preso durangarraren egoera salatu dute Sarek deituta

Anboto 2021ko aza. 18a, 20:56
Argazkia: Ainhoa Olaso

Gregorio Vicario 'GIta' preso durangarra Burgosko espetxetik Leongo ospitalera eraman dute, "bypass koronario" bat ipini eta ebakuntza egiteko. Halaxe jakin eragin du Etxeratek. Durangoko Sarek deituta  dozenaka herritar batu dira Andra Mariko elizpean, espetxe-administrazioari eskatzeko "berehalako irtenbide humanitarioak" har ditzan, Vicario "espetxetik ateratzeko edo espetxeratze arindua egiteko". 

Durangoko Sarek azpimarratu du preso daudenen osasuna "lehentasunen artean" kokatu behar dela, eta osasunean bereziki eragiten duten "funtsezko" bi faktore nabarmendu dituzte: "euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe-politika eta espetxeetako osasun baldintza eskasak". Sarek gogoratu duenez, Vicariok 20 urte daramatza espetxean, "baldintza eskas eta gogorretan".  Gaineratu dutenez, "35 urte igaro dira Durango utzi zuenetik, beraz, bizitza erdia baino gehiago darama muturreko egoerak pairatzen. Salbuespen legediaren ondorioz, oraindik 22 urteko espetxealdia dauka aurretik, hau da, legearen arabera, 42 urte egin beharko lituzke kartzelan guztira. 86 urterekin atera beharko luke espetxetik".

Sarek nabarmendu duenez, "politika honen ondorio larri eta dramatikoenaren lekukoak gara, izan ere, espetxean bizia galdu duten euskal presoen zerrendak gora egin du azken urteetan. Preso hauek gaixotasuna sendatzeko askatu beharrean, gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean askatzen dituzte". Gaineratu duenez, "salbuespen-politika hau desagertzen ez den bitartean ondorio lazgarri hauek bizitzen jarraitu beharko dugu". 

Herritarrei, eragile sozial, sindikal eta politikoei "inplikatzeko" eskatu di Durangoko Sarek. "Denok izan behar gara salbuespenezko espetxe politika amaitzeko bidearen parte. Elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean, larriki gaixo dauden presoek jasaten duten salbuespeneko tratua salatu eta egoera honekin amaitu behar dugu", adierazi dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!