Durangoko Udalak herriko kultur sortzaileen 16 proiektu babestuko ditu

Ekaitz Herrera 2021ko aza. 18a, 13:01

Durangoko Udalak Durango Sor(-tzaileen)leku Bekaren irabazleen aurkezpena egin du gaur, San Agustin kultur gunean. Deialdira aurkeztu dituzten 39 proiektuetatik epaimahaiak zeintzuk aukeratu dituen azaldu du. Bekaren deialdiak 95.000 euro banatu ditu arte eszeniko, ikusentzunezko, musika, literatura eta ilustrazioa, obra plastiko eta grafikoak bultzatzeko.

Sorkuntza eszenikoari dagokionez, Bagara Kolektiboaren Interakzio Laborategia, Igor Iglesiasen Tartzan Tratamenduan, Cecilia Paganiniren Muna, Maider Lopezen Edurnezuriren Hiru Heriotzak eta Elene Carretoren Topatuko garen leku horretan proiektuak babestu dituzte.

Ikus-entzunezkoetan, Ainhoa Olasoren Hemen bizi da maitasuna proiektuak jaso du beka.

Konposizio musikalen sorkuntzari dagokionez, Ander Erzillaren Sustraiak adarrean eta Egoitz Etxebarriaren Amantra proiektuak lagundu dituzte.

Literatura eta ilustrazio lanei dagokienez, Peru Magdalenaren Dakota Txikiren muki bidaiaria, Mikel Uribelarrearen Gorputz txiki batean jaio nintzen eta Usue Egiaren Ustekabean, krak lagunduko dituzte.

Lan plastiko eta grafikoen sorkuntzaren atalean, Carlos Martinez Bordoyren Un agujero en el cielo, June Baonza Pagaldayren Ama ta asunak, Ismael Iglesiasen Begizulo eta Jone Erzilla Etxegibelen EX3 lagunduko dituzte.

Kultur proiektuei dagokienez, Nerea Gaston Taberaren Barrenkaleko ikuztegiak lagunduko dute.

Epaimahaia Galder Perez Radio Euskadiko kultur edukien zuzendariak, Ane Abanzabalegi Astarloa Kulturgintzako presidenteak, Miriam Romatet Zumaiako Udaleko Kultura Saileko zuzendariak eta Xabier Gantzarain idazle eta arte kritikariak osatu dute, eta aurkezturiko proiektuen kalitate handia eta kultur zirkuituan izan dezaketen proiekzioa azpimarratu dituzte.

"Merkataritzan, ostalaritzan eta beste sektore batzuetan egin dugun moduan, kultura sustatzea ezinbestekotzat jo dugu eta hori kultur sortzaileei lagunduta lortzen da", azaldu dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak aurkezpenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!