Durangoko kartzelan preso egon ziren emakumeak oroitzeko ekitaldia egingo dute Durangoko Bruno Maurizio Zabala kalean

Jone Guenetxea 2021ko aza. 18a, 15:00

Argazkia: Gerediaga elkartea

Gaur egun Nevers ikastetxea dagoen lekuan, emakumeen kartzela egon zen. 1939ko azarotik 1940ko abendura bitartean, Karidadeko (Ospitaleko) mojen zaintzapean, espetxea eduki zuten. Emakume haiek bertan bizitakoa isilarazia eta ahaztua izan da urte askoan. Azaroaren 25aren harira, Durango 1936 elkarteak eta Andereak elkarteak emakume haiek omenduko dituzte. XV. Agurrik gabeak ekitaldia azaroaren 27an izango da, 12:30ean, Bruno Mauricio Zabala kalean, Nevers ikastetxe ondoan. Lore eskaintza egingo dute, Maria Gorosarriren berbak entzungo dira, soka-dantza dantzatuko dute eta Agurrik gabeak kantua abestuko dute.

Maria Gorosarrik orain dela hilabete batzuk kartzela honen inguruko berbaldia eman zuen San Agustin kultur gunean. Bere birramama kartzela horretan egon zen. Gorosarrik azaldu zuenez, kartzela horretan zeudenak "faxismoak politikoki errepresaliaturiko emakumeak ziren: Errepublikaren bizitza politikoan (mitinetan, manifestazioetan...) edo gerran parte hartu zuten emakumeak zeuden. Gainera, faxismoak delitu berri bi sartu zituen andrentzat: abortua eta proxenetarik bako prostituzio autonomoa (proxenetismoa indarrean ipini zuen-eta, Errepublikak prostituzioa abolitu eta gero). Orduan, mota bi horietako presoak zeuden: politikoak eta sozialak". Bertan egondako emakumeen lekukotzek oso bizi-baldintza gogorrak deskribatu zituzten. "Gizonek ez bezala, andrek ez zeukaten oherik, eta zoruan lo egin behar izaten zuten, pilatuta. Horrenbeste andra zegoen ze, espetxe esan beharrean “emakume biltegi” esaten ziotela eurek. Ziega ikasgelak ziren eta han 40-50 andra edukitzen zituzten. Egun osoan ez zuten ziegatik irteten, mezatara joateko ez bazen, edo Cara al Sol kantatzeko. Hortaz, dutxatzen ere ez zieten uzten", azaldu du Gorosarrik.

Ascensión Badiola historialariak ere emakumeen kartzelen gaia aztertu du. Badiolak dioenez, “Durangoko eta Zornotzako emakumeen kartzelak bereziki gogorrak izan ziren, zuzendaritzak ahaztuta eta utzita izan zituelako”. Zornotzako kartzelaren kasuan, El Carmelo ikastetxea dagoen eraikina izan zen emakumeen kartzela, 1939. eta 1947. urteen artean. Kasu honetan ere, datu gutxi ezagutzen da. "Saturraranekoak, Durangokoak eta Zornotzakoak kategoria bera izan zuten. 1939-1940. urteen artean sorturiko kartzelak izan ziren, emakumeen kartzela zentral lez".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!