Durangoko gobernu taldeak Andra Mariko arkupea, San Roke, Juan de Itziar eta Pinondo plaza berritu gura ditu 2022an

Anboto 2021ko aza. 18a, 10:04

Aurtengo aurrekontuaren aldean, datorren urtekoa %14 handiagoa izango da. Durangoko Udalak 38.711.000 euro izango ditu kontuak kudeatzeko.

Durangoko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, gobernu taldea 2022ko udal aurrekontuen proposamena aurkeztu dio oposizioari. Udal iturriek adierazi dute datorren urteko diru kopurua aurtengoa baino "%14" handiagoa izango dela, 38.711.152,89 eurokoa. Hori dela eta, gobernu taldeak hainbat inbertsio egitea proposatu du. "Zerbitzu publikoak eta ondarearen berreskurapena indartu" gura dituzte.

Aurkeztutako proposamenean, honako proiektu hauek garatzea aurreikusi Durangoko Udalak:

Eraberritze lanei dagokienez

  • San Roke eta Juan de Itziar inguruetako auzo-etxeetara 308.069 eta 80.000 euro bideratuko dituzte, hurrenez hurren.
  • Andra Mariko arkupea berritzera 343.759 euro bideratu gura dituzte 2022an, eta beste horrenbeste 2023an.
  • Pinondo plazan berrikuntzak egin gura dituzte 260.000 eurogaz, eta beste 205.000 bideratu gura dituzte umeen jolasetara. 
  • Madalenako plaza konpontzera 188.400 euro bideratu gura dituzte.
  • Aramoz Berritu proiekturako, 373.819 euro.

Trantsizio ekologiko eta energetikoari dagokionez

  • Bizikleta eta oinezkoen guneak handitzeko, 100.000 euro. (Aurrekontu parte hartzaileetatik ateratako proiektua da).
  • Energia ikuskaritzak egiteko. 75.100 euro.
  • Energia eta Klima plana sortzeko 79.787 euro.
  • Energia berriztagarriak instalatzeko 300.000 euro.

Udal agintarien berbetan, aurtengo aurrekontuek "durangarrei zuzenean eragiten dieten zerbitzuak hobetzeko aukera" eskainiko dute. "Hirigintza proiektuez gain, gure ustez Durangoren etorkizunerako funtsezkoak diren arloetan inbertitu nahi izan dugu, hala nola, Haurtzaro eta Gaztedian, Iraunkortasunean, Berdintasunean, Hezkuntzan edota Enpleguan. Duela urtebete, gure erabateko lehentasuna arlo soziala mantentzea izan zen, eta aurten ere indartu egin dugu", esan dute udal agintariek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!