Ireki dute JAEDen urteroko stand solidarioa Durangon

Joseba Derteano 2021ko aza. 16a, 19:04

JAED elkarteko Susana Lorenzo aurtengo sari nagusiaren ondoan: Renault Clio autoa.

65.000 txartel atera dituzte aurten eta urtarrilaren 6ko zozketa egunera arte egongo dira eskuragarri.

Gaur arratsaldetik irekita dago JAEDen stand solidarioa Andra Mariko portikoan. Aurten 65.000 txartel atera dituzte, bakoitza 1,5 eurotan. Kopuru hori da saldu dezaketen gehienezkoa. Iaz 60.000 atera eta denak saldu zituzten. 50 sari banatuko dituzte. Urtero legez autoa izango da sari nagusia: aurten, Renault Clio bat. Lagun birentzako Kanariar Uharterako astebeteko bidaia, hiru telebista, ordenagailuak, play station-a... dira beste sari batzuk. 

Laguntza gehiago alokairuetan eta argindarrean 

Gaurko prentsaurrekoan bestelako hainbat datu ere eman dituzte JAEDeko kideek. 2020an 89 familia lagundu zituzten diruz, 126.964 eurogaz. Horrez gainera, pobrezia energetikoan bizi ziren beste 56 familiari lagundu zieten 9.485 eurogaz. JAEDen 2016tik ari dira pobrezia energetikoan daudenei laguntzen. Aurten argindarraren prezioak gora egin duenez, laguntza jasotzeko epea luzatu eta arlo horretako aurrekontua handitu egin dute. Beste hainbeste egingo dute alokairuen laguntzarekin. "Orain arte %50era arte laguntzen genuen eta orain %100era igoko dugu beharra dutenen kasuetan", azaldu du Susano Lorenzo JAEDeko kideak. Hori posible izango da, besteak beste, Durangoko Udaletik jasotzen duten laguntza hazi egin delako: 91.117 eurotik 110.000 eurora, hain zuzen. Iurretako Udalak 9.000 eurogaz laguntzen du.

Errelebo falta eta laguntzeko deia

JAEDen bazkide kopuruak behera egin du azken urtean. Gaur egun 120 bat bazkide dituzte. "30.000 biztanleko herri baterako gutxi direla uste dugu eta bazkide berriak lortzeko kanpaina bat abiatuko dugu", aurreratu du Lorenzok.

Arazoa ez da bazkide eskasia bakarrik, boluntario gehiago ere behar dituzte. "Laguntza behar dugu", esan du Lorenzok ingurumari barik eta herritarrei elkartea ezagutzera joateko gonbita luzatu die.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!