Swing Bones taldearen kontzertuagaz abiatuko dute Durangoko Musika Hamabostaldia, zapatuan

Anboto 2021ko aza. 16a, 16:00

Aurtengo egitaraua lau kontzertuk osatzen dute.

Durangoko XXXII. Musika Hamabostaldia hasiko da datozen egunotan, eta bertan artista gazteen zein esperientzia handikoen kontzertuak eskainiko dira.

Hona aurtengo egitaraua osatzen duten lau kontzertuak:

AZAROAK 20, 19:00, SAN AGUSTIN KULTURGUNEA

SWING BONES taldea (6 euro)

Swing Bones Olivier Lachurieren ekimenez 2016an sortutako proiektua da. Taldeak François Guin musikariaren Four Bones orkestrari omenaldia egiten dio. Sortu zenetik, Swing Bones taldeak kontzertu eta masterclass ugari eman ditu Frantzia osoan zehar. 2018an SACEM saria irabazi zuen.

AZAROAK 27, 19:00, SAN AGUSTIN KULTURGUNEA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko seikotea (umeentzako kontzertua / 4 euro)

Bi protagonista nagusi izango ditu kontzertu honek: musika klasikoaren pertsonaia entzutetsuenetako bat, Wolfgang Amadeus Mozart, eta bere arreba Maria Anna Mozart, hura ere konpositorea, baina zeinaren obra gehienak galdu egin diren historian barrena.

ABENDUAK 12, 19:30, ANDRA MARI BASILIKAN

Donostiako Orfeoi gaztea (doakoa)

Donostiako Orfeoi Gazte 2006an sortu zen, Orfeoi Txikian amaitzen duten 14 eta 18 urte bitarteko gazteek beraien formazio koralarekin jarraitu ahal izateko Donostiako Orfeoira iritsi arte. Orfeoiak 62 ahots ditu eta errepertorio zabala garatu dezake.

ABENDUAK18, 19:00, SAN AGUSTIN KULTURGUNEA

FETEN FETEN ( 6 euro / 4 euro 20 urtetik beherakoentzat)

Fetén Fetén Jorge Arribasen eta Diego Galazen proiektu musikala da. Bere ibilbidea hasi zuenetik, bikoteak Fetén Fetén (2011) eta Bailables (2014) albumak ekoitzi ditu mikromezenasgoarekin. 2016an Cantables iritsi zen. Disko horretan letrak eta ahotsak gehitu zizkieten konposizioei Fito Cabrales, Jorge Drexler, Julieta Venegas edo Natalia Lafourcade bezalako artistak batu zituen proiektuarekin. 2018an Itsasoz bestaldeko doinuak argitaratu zuten, musika erritmo eta estilo desberdinak uztartzen dituen autoekoizpena.

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!