Etxeratek kritikatu duenez, "espetxean oso egoera txarrean egoteak, duen adinari gehituta, Durangoko presoaren osasuna apurka-apurka hondatzea dakar". Espetxe-administrazioari eskatu diote "berehalako irtenbide humanitarioak" har ditzan, Vicario "espetxetik ateratzeko edo espetxeratze arindua egiteko". Eskaera hori egin du Durangoko Sarek ere.
Etxeratek gaixotasun larriak dituzten gainerako 19 euskal presoei ezartzen zaizkien "neurri berak" eskatu ditu Vicariorentzat. Preso durangarrak 64 urte ditu eta Etxeraten arabera "22 urte" geratzen zaizkio espetxealdia betetzeko.
Durangoko Sarek azaldu duenez, "preso durangarrak denbora luzea darama osasun arazoekin. 2020ko maiatzaz geroztik, bere gaitzarekin lotutako zenbait pasarte izan ditu. Azkena, igaro den azaroaren 3an. Kateterismo bat egin eta stent bat jarri zioten ospitalean, hedadura handiko iskemia larria diagnostikatu ondoren". Gaineratu dutenez, "eskuineko begiko erdiko zainean daukan oklusio bat dela eta, bertako ikusmena ia galduta du. Egoera itzulezina da".
Durangoko Sarek elkarretaratzea deitu du azaroaren 18an, 19:30ean,, Andra Mariko elizpean.