Madalenako ezki bat erretiratuko dute herritarren segurtasuna bermatzeko asmoz

Anboto 2021ko aza. 12a, 14:03

Durangoko Udalak mantenu lanak egingo ditu Madalenako ermitaren ondoko zuhaiztitxoan. Ezkietako bat kenduko dute enborraren %60 ustelduta duela eta. 

Durangoko Udalak jakinarazi du Madalena ermitaren ondoko zuhaiztian mantenu lanak egingo dituztela, eta ezkietako bat erretiratuko dutela. Udal iturrien arabera, "enborraren usteltze egoera aurreratuak ez du moztea baino beste aukerarik ematen". Ezkiak ustelduta du enborraren %60, eta gainerako %40agaz ez da eusteko gai. Horrek herritarrei eragin diezazkiekeen arriskuak direla eta, udalak ezkia erretiratuko du.

Zuhaitzetan espezializatutako enpresa batek azterketa bat egin zuen maiatzean, Durangoko Udalaren enkarguz. Adituek ondorioztatu dute herriko zuhaitzik gehienak osasuntsu daudela. Metodo eta teknika zientifikoen bitartez, mantenu lanak egin dituzte egoera erregularrean zeuden zuhaitzetan. Aurrerantzean zuhaitzen egoera aztertzen jarraituko dute. Baita, herriko hainbat puntutan tokiko arbolak sartzen ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!